Punk rock musikaren eta 70eko hard rockaren oinarrietatik abiatuz, Kuraia taldeak bat egin zuen 2000 urteko hamarkadaren hasieran nazioartean lantzen ari zen energiaz gainezkako rockarekin. Joseba Ponce (Dut) eta Fernando Gimeno (El Corazón del Sapo) bikoteak bultzatu zuten proiektua, baina laukote trinko eta sendo gisa egin zuen zazpi urteko ibilbidea. Tarte horretan, kitarra sutsuetan eta erritmo bizi nahiz astunetan oinarritutako rock & rolla zabaldu zuen hiru disko ederretan.
DUT taldeak ez zuen 2008 urterarte iragarri behin betiko agurra, baina zortzi urte lehenago, 2000an, "Askatu korapiloa" diskoa kaleratu eta zuzenean aurkeztu ondoren, Joseba Ponce taldeko baxu jotzailea bere proiektu berria izango zena prestatzen hasi zen. Poncek bazituen bere etxean egindako kantu batzuk Dut bandaren estilora egokitzen ez zirenak, eta Zaragoza aldeko El Corazón del Sapo rock taldea geldirik zegoela jakinda, Fernando Gimeno lagunarengana jo zuen (El Corazón del Sapoko kantaria), Dut bandaren hardcore ilunaren aurrean, oinarriak punk rockean eta hard rockean izango zituen taldea osatzeko. Ponce jaunak baxua utzi eta gitarra hartu zuen eta Fernando bihurtu zen taldeko abeslari eta frontman bikaina. Berehala, diskolan oso bat grabatzeko ideia bueltaka hasi zitzaienean, Galder Izagirre (Dut) eta Mikel Kazalis (Anestesia, 2 Kate) batu zitzaizkien, bateriarekin eta baxuarekin, hurrenez hurren.
El Corazón del Sapo taldeak askotan jo zuen Euskal Herrian, eta harreman estua egin zuen bertako taldeko askotxorekin. Hori dela ta, Fernando Sapo jaunak berak eskaini zuen bere burua euskaraz abesteko, eta lehen diskoko 11 kantuetatik bederatzi euskaraz kantatu zituen. Gainerako biak, bat gaztelaniaz ("Infierno") eta bestea aragoieraz ("Güello gorria") ziren. "Kuraia" (2001) estreinako lana Zaratuz herriko Fidelenea estudioan grabatu zuten Karlos Osinagaren (Lisabö) ardurapean, eta "Ni ere" lehenengo kantutik aurkezten zuen bere erreferentzia eta asmoak. Punk rock eta hard rock oinarrizkoa baina garaikidea zuten buruan taldekideek, eta urte haietan nazioartean loraldia bizitzen ari zen generoa, sasoikoak ziren The Hellacopters, Gluecifer, Turbonegro, euskarazko musikara ere ekarri zuten. "Ez genuen ezer berririk egitea bilatzen, eta hain zuzen, ez dugu ezer asmatu. Musika estandarra da. Alegia, Dut, Anestesia edota El Corazón del Saporena baino zabalagoa den publiko batentzat egina dago. Oinarrian punk-rocka dago, baina rockaren aldaera asko daude nahastuta: new wave ukituak ditu, hardcore ukituak, heavy ukituak, killer ukituak, garagea..."
Kuraia taldea disko bat grabatu eta kontzertu gutxi batzuk egiteko asmo hutsarekin sortu zen, ez zuen proiektuaren hastapenetan luzerako helbururik, taldekide guztiak beste talde batzuetatik baitzetozten. Nolanahi ere, 2002. urtean kontzertuak egiteko eskaerak pilatzen joan zitzaizkion taldeari, eta azkenerako, bira arrakastatsua egin zuen Euskal Herrian eta baita Espainian edota Katalunian ere. Horrek, gainera, adorea eman zien proiektuari segida emateko. Dut, Anestesia eta El Corazón del Sapo geldirik zeuden, eta lau kideek Kuraian jarri zuten indarra. Bigarren diskoa prestatzen hilabeteak pasatu zituzten lau kideek, eta 2003ko udan Zarauzko Fidelenean eta Oiartzungo Arritxulo mendi aterpean sartu ziren hura grabatzera. Aurrekoa bezala Karlos Osinagarekin grabatu zuten "Iluntasunari barre" (2003), eta ondoren Angel Katarainek masterizatu zituen kantuak Azkarate estudioetan. Diskoak aurrenekoaren bidea jarraitzen zuen, baina izenburuarekin lotuz, ukitu ilunagoak biltzen zituen, soinu trinkoagoak, eta stoner-rocketik gertuago zegoen punk-rock klasikotik baino.
Arlo politiko eta sozialean urte gatazkatsua izan zen 2003, "Egunkaria" itxi zuten, eta horrek ere eragina izan zuen diskoari zerion iluntasunean. "Kantu hauek oso lotuta daude azkenaldiko gertaera sozialekin, eta pertsonalekin ere bai, beharbada. Letrak ez dira batere positiboak, nahiz eta oasi txiki batzuk badauden. Negatiboak baino gehiago, gordinak dira. Izenburuak adierazten du umorea ezin dugula galdu, eta umorearekin batera itxaropena ere ez".
"Iluntasunari barre" diskoak Kuraia bandaren errepertorioan leku nabarmena hartu zuten hainbat kantu ditu, besteak beste, "Udaberri azidoa" edota "Nik ez". Bigarren lan horretan ere gaztelaniaz idatzitako kantu bat sartu zuten: "Ojo de pez". "Iluntasunari barre" lanaren prestaketak eta grabazioak lan handia eskatu zien taldekideei, eta ondorioz, diskoa aurkeztu ondoren, atseden txiki bat hartu zuten. 2004rako, ordea, berriro zuzenean jotzen ari ziren, eta urte hartan Suitzatik eta Italiatik igaro zen Europako bira txiki bat ere egin zuten. Gasteizko Azkena Rock jaialdian ere jo zuen taldeak 2004ko irailean. Hala ere, lehenengo diskoaren aurkezpenarekin alderatuta, lasaiago hartu zituen taldeak "Iluntasunari barre" lanaren aurkezpen kontzertuak.
Hilabete batzuk pasatu behar izan ziren Kuraiaren berri ostera ere izateko, baina atseden hartuta, 2005eko udaberrian lan diskografiko berri batekin itzuli zen laukotea. "Piztu da piztia" izenburua jarri zioten eta, CD formatuan ez ezik, 10 hazbeteko binilo formatuan ere argitaratu zuten lan labur horri, eta diseinu ikusgarri batekin. Bertan, Godzilla agertzen da Donostia mehatxatzen. "Piztu da piztia" diskoak 20 minutu besterik ez ditu irauten eta sarrera batez gain, sei kantu jasotzen ditu, guztiak lelo itsaskorrekoak eta zuzen-zuzenak. Hala, "Iluntasunari barre" diskoaren trinkotasunaren eta iluntasunaren aurrean, energia bizi eta alaiagoa darie "Piztu da piztia", "Zebra" edota "Birakari" kantuei. Prestaketa modua ere oso ezberdina izan zen, bigarren diskoa hilabeteetan landu zuten bitartean, "Piztu da piztia" (2005) bat-bateko lanaren emaitza izan baitzen. "Freskotasunez egin dugu lan: batere entsegatu gabe, kantak erdi eginda zeudela, grabatzera sartu ginen zuzenean. Adibidez, grabatzen hasi ginenean, ahotsaren melodiak egin gabe zeuden. Horrela lan egitearen alderik onena zera da: oso disko freskoa geratzen dela, eta gauzei ez dizkiezula buelta asko ematen".
2006. urtean, besteak beste, Etxarri Aranazko Gazte Topagunean edota Bilboko Aste Nagusian eman zituen kontzertuak Kuraia taldeak, eta 18/98+... auzolanean diskorako kantu bat ere grabatu zuen, Kyuss taldearen musika eta Xabier Silveiraren hitzak uztartuta ("Hemezortzi hizki"). Azken kontzertua ere 2006. urtean eman zuen Kuraia taldekoek. Azaroaren 11 egunen izan zen, Tolosako Bonberenea gaztetxean, Freak Kennedys taldearekin. Hortik aurrera, Kuraia itzali egin zen betiko. Mikel Kazalisek berpiztu egin zuen Anestesia banda eta gainerako taldekideak beste proiektu batzuekin hasi ziren. Fernando Gimenok Estricalla rock banda itzela sortu zuen 2009an, eta Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko bateria jotzaile berria bilakatu zen. Horrez gain, 2011. urtean Matxura talde berria sortu zuten Kazalis jauanak, Fernando Gimenok, Aitor Abiok (PI.L.T.) eta Txarly Diazek (Gutural).
No hay comentarios:
Publicar un comentario