sábado, 21 de diciembre de 2013

LES MECANICIENS


Les Mecaniciens talde berezia izan zen euskarazko musikaren eszenan. Jabier Muguruza kantariaren inguruan, musikari talde zabal bat elkartu zen, eta ironia eta umorea erabiliz Euskal Herriaren beste ikuspegi bat eman zuen, askotariko doinuen erritmora: jazza, musika latinoa, afrikarra, popa... Apenas iraun zuen hiru urte, baina beste horrenbeste disko utzi zituen: Erabakia (1991), Ia xoragarria (1992) eta Euskadi, jende gutxi (1993).

Irun aldean (Gipuzkoa) sortu zen Les Mecaniciens, 90eko hamarkadaren hastapenetan. Jabier Muguruzak (akordeoia eta koruak) haurrentzako disko bat kaleratu zuen hilabete batzuk lehenago, Ja, ja (IZ, 1989), baina ordurako beste estilo bateko kantuak eginda zituen, musikalki erritmo beroetara emanak eta hitzetan satiratik gertu zeudenak. Hain zuzen, «zirikatzeko» sortu zuen Les Mecaniciens, epe luzeko proiektua izateko asmoarekin. Satur Babon, Jean-Louis Hargous eta Carlos Hipolitok osatutako haize atalak eta Ane Irazu abeslariak osatzen zuten taldearen bizkarrezurra, Muguruzarekin batera. Euskaraz 'mekanikoak' hitza esan beharrean beti frantsesezko mecaniciens erabiltzen zuen Ipar Euskal Herriko lagun bati hartu zioten talderako izena.

Berehala eman zuten argitara lehen diskoa, Erabakia (Elkar, 1991). Satira eta umorea erabiliz, Euskal Herriaren egoeraren «kritika ironikoa» egin nahi zuen Les Mecaniciensek. «Esango nuke ez direla idiotentzat eginiko hitzak. Une honetan musikan entzuten diren hitz asko eta asko lotsagarriak dira. Gure asmoa izan da alor hau bereziki zaintzea», azaldu zuen Muguruzak. Musikalki ere bere aire bat ekarri zion euskarazko kantagintzari, Afrikako eta Hego Amerikako erritmoak, rocka, jazza eta pop musika nahastuz. Lehen disko hartan Javier Armendariz "Treku" (Kortatu) izan zen bateria jotzailea.

Hurrengo urtean kaleratu zuen bigarren lana, Ia xoragarria (Elkar, 1992). Oraingo honetan taldearen txantxarako gogoa izenburutik bertatik antzeman zitekeen, Euskal Herriaz ari baitzen. «Satira eta umorea landuz beste ikuspegi bat ematen saiatzen gara, orain arte eman den ikuspegi dramatikotik kanpo». Juanjo Falcon (baxua), Jose Luis Aristi (tronboia) eta Iñaki Sebastian (bateria) batu ziren taldera disko horren grabazioan. Berriz ere Jabier Muguruzak sortu zuen musika gehiena, baina hitzetan beste idazle batzuen ekarpen handia jaso zuten: Iñaki Irazu, Joxemari Iturralde, Xabier Lete... Ja, ja diskotik kantu bat berreskuratu zuen Muguruzak lan horretarako, "Gure aitona", baina oraingoan Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren hitzak erabilita.

Epe luzeko proiektua zena, ordea, hirugarren diskoarekin ahitu zen, kontzertu eskasiak eta bakarkako bidea ibiltzen hasteko Jabier Muguruzaren erabakiak eraginda. Horrela, Euskadi, jende gutxi-k (Esan Ozenki, 1993) taldearen agurra ekarri zuen. Berriz ere ironia ageri da izenburuan, eta alderdi musikalean, jazzaren eragin handiagoa dago disko honetan, Lester Bowie tronpetista handia zenaren bertsio bat barne, "Lester reggae". Halaber, hitz gehienak Iñaki Irazuk eta Bernardo Atxagak idatzitakoak dira. Geroztik, Irazuk hainbat kantu idatzi ditu Jabier Muguruzarentzat.





Euskaldunon Egunkaria (1994-01-02)

"Euskadi, jende gutxi... Alajaina, kategoriazkoa baieztapena. Musika mundura ekarriz gero, esaldi hori beste hau bilaka daiteke: Euskadin musika ezberdin gutxi. Hori bestea bezain egiazkoa suerta daiteke, gurean ere merkatuak agintzen baitu, are garbiago igarotako 93 horretan: fussion, heavy eta revival-etan joan zaigu urte hori; ezer fresko eta berririk gutxi. Badakizu, Euskadi, jende...

Eskerrak, oraindik ere baden beste joko musikalekiko apostua egiten duen jenderik, benetan pozgarria egiten baizaigu Les Mecaniciens taldea entzutea, ez bakarrik musika freskoa iruditzen zaigulako (gauza zaila hirugarren lan luzea denean), hitzetan ere zaila delako talde honen kantuen maila atzematea gure pop musikaren panoraman. Xabi Muguruzak besteak baino lan serioagoa dela esan arren, ondo eusten diote taldeak hasieratik bandera izan duen ironiari. Badakizu, Euskadin, jende gutxi. Erritmo kontutan ere aberatsago. Ea nor ausartzen den Lester Bowieren bertsio bat egiten; rhythm and blues ukituak, erritmo tropikalagoak edo jazz izpiritua ere aipatu daitezke bizpahirutan entzun behar den lan honetan. 

Hala eta guztiz ere, baikorregia ez izatearren, lanari indar apur bat falta zaiola esan behar, sendotasuna agian, nahiz eta taldea erabat kohesionatuta dagoela antzeman: Ane Irazuk ondo menderatzen du bere erregistro goxoa eta, musikariez zer esan, argia baitago beren maixutasuna. Baina, hala eta guztiz ere, ez letorkie kanta batzuei soberan etorriko energia apur bat. Ez lukete edertasunean edo xamurtasunean galduko eta bai entzun errazagoak suertatuko. Jakina, uste pertsonal hutsa da hori, eta, usteak, erdi ustel. Dena dela, arretaz entzuteko lana dela esan daiteke, poliki gozatzekoa. Musika ezberdina gutxienez, eskertzekoa. Badakizu, Euskadi, jende gutxi!".


Les Mecaniciens fue un super grupo de música pop jazz del País Vasco. Fue fundado en 1990 por el actual cantautor Jabier Muguruza después de la grabación de su primer trabajo "Ja, ja" (IZ, 1989), destinado al público infantil, y con el objetivo de crear un similar a éste para el público adulto. Aunque hubo participaciones de otros artistas, de forma permanente, el grupo estaba compuesto por una formación de siete integrantes: Ane Irazu (vocalista), Jabier Muguruza (vocalista, y también al acordeón y la guitarra), Jean Luis Hargous (al saxo soprano), Satur Babón (al saxo barítono), Carlos Hipólito (al trombón), Iñaki Sebastián (a la batería) y Juanjo Falcón (al bajo eléctrico).

Les Mecaniciens se separaron en el año 1993, no sin antes publicar su último álbum "Euskadi, jende gutxi", justo después de su reclutamiento por Esan Ozenki Records. Es en este trabajo en el que Les Mecaniciens hace notar más los rasgos de jazz en sus canciones, y que posee como última canción una canción de cuna ("Sagarrondo ttipi bati"), que despide el grupo del trabajo realizado. En sus nueve canciones se pueden encontrar, al igual que en "Ia xoragarria", dos instrumentales ("Lester reggae" y "Agirre").

No hay comentarios:

Publicar un comentario