martes, 10 de diciembre de 2013

RAFA RUEDA


Rafa Rueda (Mungia, Bizkaia, 1972) pop-rock abeslari eta gitarrista da. Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen, bakarlari moduan hasi aurretik. Lau disko grabatu ditu bere izenarekin, literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartzeaz gain: Zaharregia, txikiegia agian, Haragizkoa, Jainko txiki eta jostalari hura, Gabrielen lekua... Ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein...) eta Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat (Ehungarrenean hamaika) koordinatu du.

Rafa Rueda PI.L.T. taldeko abeslari eta gitarrista gisa eman zen ezagutzera 90eko hamarkadan, batez ere "Hil da jainkoa" kantu arrakastatsuari esker, baina azken urteotan metal musika baztertu eta   pop-rockarekin lotutako bakarkako ibilbidea garatu du. Hain zuzen, PI.L.T.-en etenaldi bat aprobetxatu zuen bere bakarkako lehen diskoa grabatzeko, beste hiru musikariren laguntzarekin: David Gonzalez baxu jotzaile eta Pi.L.T.-eko taldekidea -gaur egun Berri Txarrak-en jotzen du-, Joakin G. Pikaza gitarrista -Ama Say eta Zein? taldeetan aritutakoa- eta Borja Barrueta bateria jotzailea. Kea (Metak) izenburua jarri zion hamar kantuz osaturiko lanari. PI.L.T.-en diskoen soinu esperimentaziotik urruti, kantuak biluztera jo zuen Ruedak bakarkako lehen diskoan. Jeff Buckley, Elvis Costello edota The Beatlesen eragina jaso zuen kantu haietan. "Jeff Buckleyren Grace diskoak harrapatuta eduki ninduen urtebetez, eta Costello betidanik gustatu zait. (...) Suzanne Vega ere asko gustatzen zait. The Beatlesen eragina aipatzen dudanean, kantuen tratamenduari buruz ari naiz: erabiltzen zituzten tresnak, kantuen egiturak, armoniak, melodiak… Oso sinpleak eta zuzenak ziren, beti-betikoak nolabait esateko". Ruper Ordorikak ahotsa jarri zuen diskoari izena ematen dion kantuan.

Hiru urte geroago heldu zen Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006), bere bigarren diskoa, baina horren aurretik Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko diskoa koordinatu zuen: Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005). Hainbat kantarik parte hartu zuten diskoan, eta Rafa Rueda ekoizpen artistikoaz arduratu zen, "Kanta ariña" abestia sortu eta grabatzeaz gain. Disko hartako musikariekin grabatu zuen Saredun eskua -David Gonzalez, Rufo Urbina eta Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream...)- eta zenbait lagunengana jo zuen hitzak osatzeko: Gotzon Barandiaran, Jon Benito, Kirmen Uribe eta Edorta Jimenez idazleak, Unai Iturriaga bertsolaria... "Oharkabean pasatzen diren gauza ttipiei" buruzko kantuak dira disko honetakoak. Urte berean Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudiora itzuli zen Rueda, Txuma Murugarren eta Petti kantariekin batera partekatutako Hauxe diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2006) grabatzeko. Bakoitzak bina abesti grabatu zituen. Ruedarenak: "Hodeietan" eta "Boga boga" herrikoiaren moldaketa.

Hirugarren diskoarekin autoekoizpenaren bidea hartu zuen. Zuhaitz okerretan gora noa (2008) AEBetako musikariekin grabatu zuen, Jonan Ordorika soinu teknikariaren eta Fernando Saunders baxu jotzailearen arteko adiskidetasunaren ondorioz. Lou Reeden taldeko musikariaz gain, Jane Scarpantoni biolontxelo jotzailea (Lou Reed, Bruce Springsteen, Sheryl Crow, Patti Smith eta beste hainbatekin aritutakoa), J.T. Lewis bateria jotzailea (Marianne Faithfull, Living Colour, Herbie Hancock, Lou Reed...) eta Zeljko McMullen soinu artista izan zituen ondoan Ruedak. Baita Joseba Irazoki gitarrista nafarra ere (Atom Rhumba, Petti...). "Loturak" kantua aukeratu zuten singlea izateko eta Mikel Clementek zuzendu zuen bideoklipa. Diskoko hamar kantuen artean John Cale galestarraren (The Velvet Underground) "Paris 1919" kantuaren bertsio bat dago.

2010. urtean Haragizkoa ikuskizuna martxan jarri zuten Ruedak eta Edorta Jimenez idazleak. Omar Navarrok -Jimenezek poesia lanak sinatzeko erabiltzen duen heteronimoa- urte berean kaleratutako Haragizko amoreak (Susa) liburuko poemak musikatu zituen Ruedak, eta Jaime Nieto baxu jotzailearen eta Joseba Barrenetxea argazkilariaren laguntzaz ikuskizuna osatu zuten. Hori ez zen izan Ruedaren lehen esperientzia musika eta poesia ikuskizunetan. 2003. urtean Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna sortu zuen Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal (Nahiko, Hertzainak) eta Mikel Valverderekin batera. Hamar urte geroago, taldea berriz elkartu zen Jainko txiki eta jostalari hura sortzeko eta taularatzeko. Halaber, Gabrielen lekua sentikarian (2013) parte hartu du Ruedak. Musika, bertsoa, antzerkia eta poesia biltzen ditu Gabriel Arestiren omenez sortutako ikuskizun honek, eta Ruedaz gain, Andoni Egañak eta Oier Guillanek hartzen dute parte.

Enaren geometria (2011) da Ruedaren bakarkako laugarren eta, orain arte, azken diskoa. "Etengabeko aldaketen" inguruko diskoa da, Ruedak berak aurkezpenean azaldu zuenez (2). Ohi bezala, Jonan Ordorikarekin grabatu zuen Azkaraten, baina musikari taldea eraberritu zuen: Txus Aranburu eta Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Ruper Ordorika...), Iban Urizar (Andrakan, Cafe Teatro...), Jaime Nieto, eta PI.L.T.-en taldekide izandako Jose Manuel Sampedro Xanpe. Aurrekoa bezala, autoediziora jo zuen Ruedak diskoa argitaratzeko, baina kasu honetan bere webgunean (rafarueda.net) eta kontzertuetan bakarrik jarri zuen salgai. "Ez al dakizu" izan zen diskotik ateratako singlea, eta hemen ikusi ahal duzu Bilboko Bi FM irratian egindako interpretazio akustikoa.

Ekoizle gisa, On (Petti), Hegazkinen arima (Txuma Murugarren), Sorminetan (Anje Duhalde), Hainbeste, hain gitxi (Jon Enbeita) eta Kokein (Kokein) diskoetan egin du lan. Musikari gisa, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarrenekin harreman estua izan du, haien zuzeneko taldean eta diskoetan jo baitu. Jabier Muguruza eta Kashbad-en diskoetan ere parte hartu du, beste hainbat kolaborazioren artean. Antzerkirako musika lanak ere egin ditu: Lauaxeta herri opereta (Maskarada, 2005), Otehitzari biraka -Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera- (Kukai-Tanttaka, 2006), Ohean (Maskarada, 2008) eta Antartikako lorea (Erre produkzioak, 2010). Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugako ospakizunen barruan, Hemen gaude ikuskizunaren alderdi musikalaz arduratu zen Rueda.

No hay comentarios:

Publicar un comentario