viernes, 27 de diciembre de 2013

JULIO KAGETA


Ermuan (Bizkaia) sortu zen Julio Kageta taldea, 1983. urte inguruan. Bi urte geroago eman zuen lehen kontzertua. Ezein musika tresnarik jotzen jakin barik hamabost urte zituzten taldekideek taldea sortzea erabaki zutenean. Bi disko luze -Bihar eta berandu (Gor, 1991) eta Mestizu (Gor, 1993)- eta beste hiru talderekin (Kiowak, SS-77 eta Pottoka) partekaturiko beste lan bat argitaratu zituen, eta jorraturiko estiloen aniztasunagatik nabarmendu zen.

"Banaketa beste barik egin genuen: zuk tabernetan musika eskuaz segitzen duzunez, bateria; zu berbatsuena zarenez, abestu... Horrelaxe osatu genuen taldea". Gorka Manzisidorrek (ahotsa), Juanmi Bravok (bateria), Iker Saenz Zaitegik (gitarra), Asier Agirregomezkortak (baxua) eta Patxi Linaresek (gitarra) sortu zuten Julio Kageta, 80ko hamarkadaren erdialdera. Entseatzeko lokala bazuen taldeak, baina jotzeko tresnarik ez ordea. Ermuako beste bi talderekin (Banco de Esperma eta Lo del Perro) instrumentuak eta lokala elkarri uzteko akordioa lortu ondoren hasi ziren entseatzen. Bilboko Gaueko aretoan eman zuen lehen kontzertua, artean hardcore talde bat zelarik. 1987tik 1989ra bitartean hiru maketa grabatu zituen, euskaraz eta gaztelaniaz abesturiko kantuekin. Oihuka diskoetxearen arreta bereganatu zuen, eta Julio Kageta izena harturik, disko bat grabatzeko eskaintza jaso zuen boskoteak hasiberriak ziren beste hiru talderekin partekaturik. SS-77 eta Kiowak taldeek eta Pottoka kantariak osatu zuten 1990ean argitaraturiko disko hura. Disko hartan grabatutakoak hiru kantu besterik ez izan arren, kontzertu antolatzaileen atea ireki zion diskoak Julio Kagetari. Besteak beste, Siniestro Total talde galiziarrarekin jo zuen Ermuan eta Alemaniako jaialdi antifaxista batean parte hartu zuen Ingalaterrako eta Frantziako taldeekin.

Bihar eta berandu (Gor, 1991) lehen disko luzea Bordeleko Le Chalet estudioan grabatu zuten, arrazoi ekonomikoak zirela medio. LPak hamar kantu bildu zituen, tartean The Clash taldearen bertsio bat, "Monstruaren hezurdura", eta CDak bat gehiago, "Baloretako eskala", aurreko disko partekatuan jada entzun zitekeena. Taldeak sei urtetako bilakaera islatu zuen disko horretan, maketetan agertutako kantuak eta berriki egindakoak nahastuz. Estilo aniztasuna Julio Kagetaren ezaugarrietako bat izatea bilatzen zuen taldeak. "Guk nahi duguna da ahalik eta estilo desberdin gehien jorratu. Ez dugu aurrez erabakitzen estilo bat edo beste, atera egiten da besterik gabe gustuko dugulako (...) Uste dugu Euskadin bertan, nahiko burugogorrak garela eta ez zaigu gehigi sartzen bestelako musikak, estilo berriak". Bi urte geroago heldu zen Mestizu (Gor, 1993). Beren jaioterria, Ermua, izan zuten gogoan taldekideek diskoari izenburua jartzerakoan. "Guk mestizu esaterakoan beti kontuan hartzen dugu Ermukoak garela. Ermua apur bat Babeleko dorre bat da. Denetarik hitz egiten da bertan, euskaraz, gazteleraz, galegoz... Beti oso harro egon gara horretaz. Diskoko hitzetan mestizaia aldarrikatzen dugu, beti horrela pentsatu izan dugulako" (3). Horren adibidea da galegoz abesturiko kantu bat dagoela diskoan, Urban Dance Squad taldearen "Fusion na forxa". Herbehereetako taldeak bezala, estiloak nahastea oso gustuko zuen Julio Kagetak, eta M-ak, Os Resentidos eta Red Hot Chili Peppers aipatzen zituen talde kutunenen artean. Bigarren disko honetan rock&rolla eta funk doinuak dira nagusia, baina soinua aurrekoan baino gogorragoa da.

Julio Kageta 1995ean desagertu zen, eta jarraian Dantzut sortu zuten Iker Saenz Zaitegik eta Juanmi Bravok. Hura 2000n desegin zen, maketa bat eta autoekoitzitako CD bat kaleratu ondoren, eta zenbait taldekide aldatuta, Puto Amoak Matematiketan (P.A.M.) taldeak hartu zion lekukoa. Saenz Zaitegi Kokein taldean ere aritzen da gaur egun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario