Miren Aranburu (Lazkao, Gipuzkoa) 70eko hamarkadan hasi zen kantuan. Euskal kantagintza berriaren garaiak ziren, kantua eta politika eskutik helduta zihoazen garaiak: "Zer edo zer esan beharra zegoen, errealitatearen berri eman". Natxo de Feliperekin (Oskorri) ikasi zuen Bilbon gitarra jotzen, eta "Ni naiz Lazkaoko herrian jaioa, praile kale inguruan..." kantatzen hasi zen, hark berak idatzitako letra eta sortutako musikarekin. 1977an LP bat grabatzeko aukera izan zuen Madrilen, Movieplay diskoetxearen Kardantxa zigiluaren laguntzarekin. Lehertu da izan zen Miren Aranburuk argitaratu zuen lehen lana.
80ko hamarkadaren hasieran alde batera utzi zuen musika. "Nik beste bideak jorratu nahi nituen, olerkiak kantatu... baina sentitzen nuen ezin zela". Aktore eta bikoizketa lanetan murgildu zen orduan, eta Irusoin enpresako bikoizleen zuzendaria izan zen. Musikan kolaborazio bakan batzuk besterik ez zituen egin urte horietan, Imanol Lartzabalekin eta Les Mecaniciens taldearekin. Musikarekiko ilusioa Jean Louis Hargous musikaria bere bidean gurutzatu zenean berreskuratu zuen Aranburuk. "Ez nuen batere gogorik, eta Jean Louisek kantatuak izan zitezkeen erritmo ezberdinetako doinuak nire esku jarri arte ez nion ekin kantatzeari; berak lortu zuen doinu hauen bidez nik kantatzeko gogoa izatea". Garairako berritzaileak ziren lanetan kolaboratu zuen Aranburuk Hargousekin, Diztira eta Jarioak sorkuntza poetiko literarioetan esate baterako, eta poesia, abestia, dantza eta pintura nahasten zituen Hosto gorri, hosto berde (Feuille rouge, feuille verte) ikuskizunean ere kolaboratu zuen.
Miren Aranburu Quintet sortu zuten. Hargous musika elektroakustikotik zetorren. Euskal Herrian egiten zen musika, melodia aldetik, oso sinplea iruditzen zitzaion Hargousi, lehen diskoaren karietara adierazi zuenez: «Melodiak ohiz lantzen direna baino gehixeago lantzen saiatu naiz; herri honetan lantzen diren melodiek maiz ez dute helburu berezirik izaten, oso sinpleak dira; nik jazz harmonia eta erritmoa izateko landu ditut; `jazzy' da, ez jazz garbia". Bilatzen zuten estiloa aurkitu zutenean Etorkizunaren memoria (IZ, 1996) izeneko lehen disko hori grabatu zuten. Jazza, baltsa, bossanova, rap bat eta baladak zekartzan lehen disko hark. Aranbururen diskoetan ohi bezala, hitz denak hark sortuak ziren.
Jazza euskaraz kantatzen aitzindari egin zen horrela. Ondorioz, Euskal Herriko jazzaz hitz egiteko garaian, ezinbestekoa da Aranburu aipatzea beste hauekin batean: Pirineos Jazz Orchestra, Gorka Benitez, Victor de Diego, Mikel Andueza, Josetxo Goia-Aribe, Iñaki Askunze eta Josetxo Silguero.
Baina Etorkizunaren memoria hark oso zabalpen urria izan zuen Euskal Herrian, eta, ondorioz, bigarren lana Internet bidez zabaltzea erabaki zuten, diskoetxe bat bilatu beharrean. Bioleten negua (mp3.com, 2000) izan zen bigarren lan hori. Lan horrek ere Euskal Herrian oihartzun txikia izan zuen. Orduan, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeari aurkeztu zioten lan hura; eta nahasketak berregin, abesti batzuk kendu eta berriak sartu eta Gorri isila (Errabal, 2002) egin zuten. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak jazz musika kaleratzeko sorturiko Errabal zigiluaren estreinaldiko argitalpena izan zen. 2002a zen, eta, ordurako, Miren Aranburu Ensemble izena zuen taldeak. Disko horretan kolaboratu zuten honako hauek: Iñaki Salvadorrek eta Joseba Loinazek pianoan, Gonzalo Tejadak eta Jean Paul Gillesek kontrabaxuan, Edio Pessik gitarran eta Victor Celadak baterian.
Errabalekin atera zuten hurrengo diskoa 2005ean etorri zen: Lorategi hibridoa. Aranbururen ahotsari eta Hargousen saxofoi eta klarinete baxuari, Juan Paul Gillesen kontrabaxuak, Vicente Thomasen bateriak eta Arnaud Labastieren pianoak lagundu zioten disko berrian. Miren Aranburuk ahotsaz gain, hitzak jartzen ditu bere proiektuetan. Fernando Pessoaren, Bernardo Atxagaren, Juan Kruz Igerabideren, Jose MariaIparragirreren -"Zibilek esan naute", Gorri isila diskoan- eta Iratzederren letra batzuk kenduta, bereak baitira abesten dituen ia letra guztiak. Antimilitarismoaz eta amodioaz idazten eta abesten du, haurtzaroaz nahiz Ponpeiaz, emakumearen egoeraz nahiz desamodioaz... bizitzaz.
....................................................................
JON ESKISABEL (Badok aldizkaritik)
Eszenatokietatik aparte dabil Miren Aranburu azken urteetan, ogibide duen bikoizketa lanari emana, baina kantagintza erabat albora utzi gabe ere. "Goenkale" telesailean egindako antzezpenagatik ezagutuko dute batzuek, jazz abeslari gisa argitaratutako diskoengatik beste batzuek. Baina askok ez dakitena da 70. hamarkadan, frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran, kantautore aritu zela Miren Aranburu andrea, Iñaki Eizmendi eta Ruper Ordorika gaztearekin batera, besteak beste. 1977. urtean, diskolan bat grabatu zuen Madrilen, "Lehertu da". Espainiar transizio garaiko zapalkuntza politiko, sozial eta kulturalaren islada ziren Aranbururen kantuak, barruko amorruak, kezkak eta ezinegonak askatzeko beharraren emaitza. “Sentitzen genuenari buruz hitz egin nahi nuen. Bizi genuenaren kontra panfleto asko egiten zen, eta zakar eta gogor agertzen ginen oso, dena zen aldarrikapena. Nik sentimenduak aztertu nahi nituen, indibiduoa, bizi genuenaren eragina gutariko bakoitzaren barnean, taldeak utzi eta etxeratzen ginenean sentitzen genuen negargura hura”.
Eszenatokietatik aparte dabil Miren Aranburu azken urteetan, ogibide duen bikoizketa lanari emana, baina kantagintza erabat albora utzi gabe ere. "Goenkale" telesailean egindako antzezpenagatik ezagutuko dute batzuek, jazz abeslari gisa argitaratutako diskoengatik beste batzuek. Baina askok ez dakitena da 70. hamarkadan, frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran, kantautore aritu zela Miren Aranburu andrea, Iñaki Eizmendi eta Ruper Ordorika gaztearekin batera, besteak beste. 1977. urtean, diskolan bat grabatu zuen Madrilen, "Lehertu da". Espainiar transizio garaiko zapalkuntza politiko, sozial eta kulturalaren islada ziren Aranbururen kantuak, barruko amorruak, kezkak eta ezinegonak askatzeko beharraren emaitza. “Sentitzen genuenari buruz hitz egin nahi nuen. Bizi genuenaren kontra panfleto asko egiten zen, eta zakar eta gogor agertzen ginen oso, dena zen aldarrikapena. Nik sentimenduak aztertu nahi nituen, indibiduoa, bizi genuenaren eragina gutariko bakoitzaren barnean, taldeak utzi eta etxeratzen ginenean sentitzen genuen negargura hura”.
- “Ni naiz Lazkaoko
herrian jaioa praile-kale inguruan, ume koxkorra nintzen hura utzi ta etorri
ginanean…” abesten zenuen. Kanta hori oso gustukoa zuen Xabier Letek.
Ni Lazkaon jaiotakoa
naiz, bost anai-arrebatatik laugarrena, baina 3 urte nituela aitari eskaini
zioten lana Bilbon. Dirudienez buelta asko eman zioten gaiari, gure ama
Errotakoa baitzen eta behin ere ez baitzen atera Lazkaotik. Baina pentsatu
zuten agian komenigarria zela umeek ikasketak egiteko. Horrela joan ziren
Bilbora. Beraz, erdi bilbotarra naiz, han bizi izan naiz ia hona etorri arte.
Urruñara, 1989an etorri nintzen. Nahiz eta Bilbon bizi izan, Lazkao nire ideala
izan da beti: umetako zelaiak, baserriak, herria… Nik beti aldarrikatu dut
lazkaotarra naizela, eta ikusten duzunez saiatzen naiz hitz egiten Lazkaoko
erara, pixkat aldatuta, hemengoa eta hangoa nahastuta. Ez dut galdu nahi izan.
- Zuen etxean kanturatu
zaletasuna zegoen?
Duela gutxi jakin dudan
gauza bat kontatuko dizut. Bilbora joan ginen hartan, Zegamako neskame
euskaldun bat hartu zuten gurasoek, Mari Carmen. Oraindik harremana dugu.
Eibarren jaso genuen, eta berak esaten dit Eibarren bertan hasi nintzela
kantatzen, eta ez nintzela isildu ere egin Bilbora iritsi arte. Dirudienez,
asko, asko, asko maite nuen kantatzea. Nik ez dut gogoratzen, baina hori esaten
didate. Etxean zerbait zegoenean, beti kantatzen nuen, ezkontzetan… Orain baino
askoz gehiago. Orain ez dut behin ere kantatzen etxean. Gure belaunaldiko
emakumeak ez gara inon agertzen, omenaldietarako-eta ez dira gurekin
akordatzen.
- Eta kantuak sortzen eta
jendaurrean abesten, gogoan duzu noiz hasi zinen?
"Ez Dok Amairu"
taldekoak 11 urterekin ikusi nituen lehen aldiz, eta izugarrizko eragina izan
zuen nigan. Gogoratzen naiz Bilboko Santiago Apostol kolegioan izan zela,
gurasoekin joan ginen, eta orduan aretoak bete egiten ziren euskarazko
emanaldietan. Halako inpresio handia egin zidaten Lourdes Iriondok, Benito
Lertxundik, Mikel Laboak, Xabier Letek… Orduantxe hasi nintzen neroni etxean
hitzak asmatzen. Artean ez nuen gitarrarik. Baina Bilbon asko harremantzen
nintzen bertakoekin eta Gipuzkoatik joandako ikasleekin. Gauza asko egiten
ziren euskararen inguruan: jaialditxoak, literatur emanaldiak…
Ez dakit nola, Natxo de
Felipe (Oskorri) jaunarengana iritsi nintzen, eta hark erakutsi zidan gitarra
jotzen. Niri eta Ruper Ordorikari. Bolada batean biok joaten ginen San Anton
elizara. Hango apaiza, Don Claudio, euskaldun sutsua zen, hark masak mugitzen
zituen, igandetan jendea kabitu ezinik geratzen zen. Frankismoaren aurka,
sistemaren aurka berotzen gintuen, baita fededunak ez ginenok ere. Hark
zabaltzen zituen ateak edozein euskaltzalek eskatzen zion edozein ekitaldirako.
Gu hara joaten ginen Natxorekin ikastera, eta gero Natxoren etxera joaten hasi
nintzen, edo haren lagun baten etxera. Jendearen aurrean bakarrik jotzeko adina
ikasi nuen.
- Miren, jendaurrean
jotzen noiz hasi zinen?
Aurreneko aldia Abrako
jaialdian abestu nuen, 16 urte inguru nituen. Ni beti oso lotsatia izan naiz
jendearen aurrean abesteko, baina Natxo de Felipek eraman ninduen, eta gogoan
dut Gontzal Mendibil ere han zela. Oso ondo gogoratzen dut abestu nuen kanta,
Nafarroako mutil batena zen, sekula ez du ezer grabatu, izena ahaztuta daukat.
Abesteko ordua iritsi zitzaidanean dardarka hasi nintzen, oina ere mugitu
egiten zitzaidan, publikoa ere tentsio handi batean zegoen, eta aurkezleak
esaten zidan jaisteko, eta nik ezetz, aurre egin behar niola egoerari, eta
lortu nuen abestea. Oso ondo abestu nuen. Bigarren saria eraman nuen, eta lehen
saria Gontzal Mendibilek irabazi zuen.
Hortik aurrera askotan
joaten nintzen Natxorekin, nire kantuak abestera. Gero, euskal giro politiko
beroko tirabirak dela ta, batzuk Natxoren kontra hasi ziren, eta igual niri
deitzen zidaten jotzera eta berari ez. Hori dena ere bizi izan dugu. Oso bide
latza egin dugu, bai. Aztertzekoa da hainbat egoeratan zein erraza den iristea
jarrera erradikaletara. Nola eramaten zaituen giroak: nirekin ez dagoena nire
kontra dago, honekin ezin naiz joan ez duelako nik bezala pentsatzen. Oso
egoera izugarriak bizi izan ditugu. Zorionez, hortik atera gara, espero dut.
Baina aztertu egin behar da hori, ez dut uste orrialdea pasa egin behar denik,
besterik gabe. Bestela ez du ezertarako balio.
- Garai hartan emakume
bakarlari asko ez zineten izango. Lourdes Iriondo, Estitxu…
Orain ere asko al gara
ba? Eta izan ginenok eta garenok inon agertzen al gara? Batez ere gu, gure
belaunaldikoak, ez gara inon agertzen. Garai hartako abeslarien inguruko
zerbait antolatzen denean, edo Imanol eta Xabier Leteren omenez, gehiengo handi
bat gizonezkoak dira. Eta ez dira gurekin akordatzen. Beti betikoak daude.
- "Gu Gira",
"Baionatik Bilbora" eta horrelako emanaldiei buruz ere ari zara?
Bai... Kuriosoa da, ni
horrek ez nau mintzen, paso egiten dudalako, benetan. Baina kuriosoa da. Garai
hartan zenbat emakumezko geunden? Lourdes Iriondo —Lourdes beti egon da
aurrean, egia da—, Maite Idirin, Lupe, Estitxu… eta beranduago Itziar Egileor.
Baina ez gaude inon. Niri beti iruditu zait herri honek gizonezkoen seminario
baten edo soziedade baten antza duela. Ez dut entenditzen. Beste gauza bat da
nik ezetz esatea, esango balidate seguruenik ez nintzateke joango, baina
aurretik ez akordatzea ere... Nik Xabier Lete jaunarekin oso harreman
pertsonala neukan, komunikatzen genuen asko, inork ez daki, ez du zertan jakin,
baina hemen denok ezagutzen dugu elkar. Berdin-berdin zait, baina esan egiten
dut, esan beharra daukat.
- Miren Aranburuk 19 urte
zituen lehen diskoa grabatu zuenean. Bakarka disko bat grabatu zuen lehen
emakumeetakoa izan zinen, nola sortu zen aukera hori?
Kardantxa zigilukoek
deitu zidaten goiz batean. Zer egin nahi zuten azaldu zidan Antonio Goñi
jaunak, eta zur eta lur geratu nintzen. Disko bat! “Eta zer behar dut?”,
galdetu nion. “Daukazuna, grabatu itzazu kanta batzuk etxean eta emaizkiazu”.
Seguruenik kontzertuetatik ezagutzen ninduen. Etxeko nire gelan grabatu nituen
kasete batean kantak nire erara eta eman nizkion. Ondoren, Madrilera joateko
egun bat zehaztu zidan eta hara joan nintzen. Hegazkina hartu nuen, Movieplay
estudiora iritsi nintzen, entzun nituen kantak eta ia-ia konortea galdu nuen.
“Baina hau da nire musika?”, pentsatu nuen. Pentsa ezazu, gitarra ziztrin
batekin etxean abestutako gauza bat, aurreneko aldiz entzuten nuen
orkestratua. Inpresio handia egin zidan,
niretzat shock bat izan zen.
- Madrilen zer egin
zenuen?
Nire kasetea entzun
zuten, harekin partitura bat idatzi zuten eta orkestrak jo zuen. Ni joan
nintzen ahotsa gainean jartzera. Ahots guztiak daude aurreneko aldian
grabatuta. Bitan edo hirutan entzun nuen musika, moldaketa berrietara ohitu
arte, eta arratsalde batean grabatu nituen ahots guztiak. Aurrerago eskaini
zidaten disko gehiago grabatzea, baina ez nuen nahi. Ez dut behin ere izan
anbiziorik, gogoa da niretzat inportantea. Iñaki Eizmendi jaunari deitu zioten
gero, nik esanda. Niri asko gustatzen zitzaidan Iñaki Eizmendi, biok askotan
egiten genuen elkarrekin emanaldiak, berak laguntzen zidan gitarra eta
ahotsarekin, eta alderantziz.
- Kantu guztiak zureak
dira, hitza eta musika; ez zenuen herri kantutegira jotzen. Horretan ezohikoa
zinen.
Ni ez naiz behin ere folk
edo tradiziozalea izan. Gustatu izan zaizkit bertako kantuak, eta nire disko
batean, "Gorri isila" (2002), “Zibilak esan naute“ kantua dago, beste
era jazz batera moldatuta. Nik nahi nituen nire gauzak esan, nire kantu
propioak egin. Behin Donostiako lizeo batean egin genuen emanalditxo batean,
Iñaki Eizmendik, Ruperrek eta hirurok. Kartelean, kontzertuko afixan,
"kantagintza urbanoa" leloa jarri zioten emanaldiari. Nahi genuen
gauza berriak egin. Ez Dok Amairuk egin zuen errekuperatu tradizioa jada,
gaurkotu, eman jendeari. Guk nahi genuena zen gurea egin.
- Emakume bezala, inoiz
sentitu zinen gutxietsia edo oztoporik izan zenuen zure lana egiteko,
zabaltzeko?
Batere ez... Arazo
bakarrak poliziarekin, denok bezala hemen. Lehe diskoan kantu bat falta da.
Grabatuta dago, orkestrazioa eta guzti, baina ez zuten baimenik eman
argitaratzeko. Segoviako ihesari buruzko kantua da. Kantu hori maite zuen
bereziki Goyo Lopez Irasuegi militanteak.
- Euskal gizarteari buruz
kritiko eta zorrotz azaltzen zara hainbat kantutan. "Eta guk?"
abestian, esaterako, “Gizon faltsuek dituzte munduan txaloak eta guk? Gezur
handia ikusirik, txalotu…” . Igarlearena ere egiten duzu kantu berean:
“Badakigu guztiok zer dagoen herrian. Futbolean burua ondo garbitu. Ikusten
dugu garbi nola dugun bidea. Batzuk aurrera, besteak gelditu”.
Nire alabari esaten diot:
umea nintzelarik grabatu nuen hau eta orain, hainbeste urte eta gero, oraindik
arrazoi gehiagorekin. Garai hartan guk errua botatzen genion frankismoari,
baina gaur nori bota behar diogu? Denok gaude saltsan-eta! Manipulazioaren
kontzientzia soziala betidanik izan dut.
- Euskal Herriaz penatuta
ere agertzen zara. Esaterako, "Gaurko Euskal Herriari" izenekoan
(“Euskal Herri zahar zoro, zuhurra, baldarra. Galtzen ikasi nahi ez duzun herri
zakarra”) edo "Kantauri baztertxo honetan" izenekoan.
Iparraldera lagunekin
egin nuen bidaia batek asko markatu ninduen. Errefuxiatu batzuk ezagutu nituen,
haien artean Josu Artetxe jauna. Lagun egin eta ezkutuan elkar ikusten ginen.
Egun batean, abenduan, esan zidan oso kezkatuta zegoela: “gauza bat gertatzen
da, hitz egingo dugu…”. Akordatzen naiz nola besarkatu nuen mutil hura eta
haren taupadak entzun nituen nire belarrian. Handik ordu batzuetara, lagun
batek deitu zidan esateko poliziak Josu erahil egin zuela Donostian, Altzako
bere etxean, 1973. urteko abenduaren 6 egunean (21 urte zituen Artetxek). Gero
jakin nuen mutil horrek bazekiela Carrero Blanco almirante frankistarena (bi
aste geroago zerura bidaliko zutena Madrileko karrika batean). Josuk bere burua
harrapatzen ez zuen utzi, inor ez salatzeko. Horrek asko markatu ninduen
gaztaroan, heriotza horrela ezagutzeak. Adin horretan ez duzu pentsatzen
heriotzean eta ez duzu uste heriotza horrela ailegatzen denik. Garai hartan bizi
ala hil zen, ezin duzu imajinatu. Oso itota bizi ginen Euskadin. Etxean gure
aita gerra egindakoa zen, gudari izandakoa, oso-oso abertzalea… Horrek eragina
izan zuen. Gero inguratu bait nintzen ni bezalako gazteekin, oso aurre egiteko prest zeudenak.
- “Lehertu da ene barrua,
ezin nuen gordeta eraman, izkutuan, sentimendua” kantatzen duzu diskoari
izenburua ematen dion abestian. Diskoaren funtsa laburbiltzen du?
Nik sentitzen nuenari
aurre egin behar nion, borroka egin behar nuen, ezin nuen gehiago jasan egoera.
Nik. Beste batzuentzat ez zen horrela... Ezin nuen gehiago, oso azalean bizi
nuen egoera, kontzientea nintzen, euskal munduan oso sartuta nengoen. Oso
sentibera izan naiz beti. Gaur ere horrelakoa naiz, gauzak nola ikusten ditudan
esan beharra daukat. Berdin zait besteek zer pentsatzen duten, sakon-sakonean
hori da. Ez dut kalkulatzen, berdin zaidalako.
"Lehertu da" kanta berreskuratu dut
hurrengo diskoetan ere. Jean-Louisek Hargous moldatuz. Gustatzen zitzaion
musika. Hitza, garai hartan, Atxagari gustatzen zitzaion. Oso benetakoa da
kanta hori. “Sortu orduko, jaio berria izanik pentsamendua ezagutu orduko, bere
betirako den izakeraren errua gure herriak zainetan duen zapalkuntzari bota
dion edozeini, agian zuri, zure barruko zerbaitek leher egin duela sentitu
duzun horri” eskainita dago lehen diskoa. Ikusten nuen jende asko zegoela...
Orain hori deskribatzea ez da hain sinplea, baina inor ez zen ohitu bizitza
horretara. Oso presente zegoen, nire giroan, nire lagunen artean. Oso aurrean
zegoen errepresioaren presentzia ta beldurra.
- Diskoaren azalean leiho
bat zabalik ageri da, baina atzealdean itxita dago. Erraz egin daiteke
interpretazioa?
Inkontzientea izan zen,
asmo estetikoz egina dago. Xabi Oterori esan nion zer nahi nuen, eta berak egin
zituen argazkiak. Berari ere gustatu zitzaion ideia. Inkontzientea izan zen,
baina gerora egin daiteke interpretazioa.
- Ia hogei urte igaro
ziren hurrengo diskoa, Etorkizunaren memoria (1996) argitaratu arte. Zer
zergatu zen?
Lantegi handi batean
lanean hasi nintzen, eta langileen borrokan eta borroka sozialean murgildu
nintzen. Herriko errepresioari buruz hitz egiteari utzi nion pixka bat eta
gatazka sozialean sartu nintzen. Agian ez nuen sentitu hori komunikatzeko
horrelako premia. Niretzat ez zen esentziala kantagintza, nahiz eta beti
abesten egon. Hura bukatu zen, eta seguruenik betiko bukatuko zen Jean-Louis
aurkitu izan ez banu. Nahiz eta gero kolaborazioak egin nituen Imanol, Iñaki
Eizmendi, Jabier Muguruzarekin.... Zine bikoizketan film askotako kantuak nik
abestutakoak diren ("Doraemon"). Jean-Louisekin kantatzen hasteko
arrazoiek ez zuten zerikusirik 70. hamakadako garai hartako gogo bero haiekin.
Jean-Louisekin musika zer den, kantatzea zer den, instrumentuak ezagutzen hasi
nintzen.
- Gaur egun utzita duzu
musika emanaldiak?
Ez, ez, lanean ari naiz.
Miren Aranburu Ensemble bandarekin emanaldi gutxi genituen. Bost ginen eta
zaila zen hori luze mantentzea. Utzi egin genuen, eta urte batzuetan ez dugu
gauza handirik egin, baina Jean-Louisi esaten nion prestatu beharko genukeela
zerbait bikote formatuan, ahotsa eta klarinete baxua edo saxofoiaz. Klaro,
horretarako behar dira oso kantu
landuak, oso batera joateko. Horretan ari gara. Aurreko diskoetako kantu
batzuk lantzen ari gara, eta nazioarteko kantuak: frantsesak, ingelesaren bat,
portugesak eta espainolez ere bai. Youn Sun Nah japoniarrak egiten duenaren
antzera. Asko gustatzen zait, eta badut haren estiloarekin lotura. Ez dakit
diskoan argitaratuko den edo emanaldietan bakarrik geratuko den.
No hay comentarios:
Publicar un comentario