domingo, 8 de diciembre de 2013

FUNDIZIYUE



FUNDIZIYUE...1994. urtean, Zikupa taldearen desegiteak ekarri zuen Fundiziyue-ren sorrera. Aitor Atxuiya, Irimo eta Ion Alberdiri, Manolo Jotakie eta Morgan (Irimoren anaia gaztea) batu zitzaizkien, eta boskote modura hasi ziren. Pop-rock doinuekin segitu zuten, iraganean bezala, eta asko luzatu gabe iritsi zitzaizkien lehen ekitaldiak eskaintzeko aukerak. Baita lehenengo lana grabatzeko aukera ere. Atxuiyak dagoeneko grabagailuari nahiko etekin ateratzen zionez, prestatuta zituzten kantak grabatu zituzten eta lan harekin Egin Txotx lehiaketako finalista izatera iritsi ziren. Orduan, Atxuiyak eta Morganek talde berri bat sortzeko, Fundiziyue uztea erabaki zuten, baina taldea alboratu aurretik azkeneko kontzertua eman zuten. Egin Txotx-eko lehiaketan finalista gelditu ziren talde guztiak Bilbon Etxebarria parkean elkartu ziren finalean. Irabazlea, Latzen izan zen.
1996. urteaan osatu zuten taldearen egitura berria: Irimok gitarrarekin segitu zuen, ahotsarekin Alberdik, bateri lanak Aitor Bengoetxea Ondarru-k egin zituen, baxu lanak Joxemai Larrañagak eta bigarren gitarra bezala Ion Iraeta aritu zen. Urte bertako udaran lokaleko beste hiru talderekin elkarlanean diskoa kaleratu zuten, eta lan horrekin Euskadi Gaztea irratiko lehiaketan entzuleen saria irabazi zuten. —‘Lau taldeok bidali genituen geure maketak, ea denon artean norbaitek gutxienez entzulearen saria jasotzen zuen’.— dio Irimok, hura gogoratzean. Entzulearen saria jasotzeak, Bilboko Kafe Antzokiko ateak ireki zizkion Fundiziyueri. Bertan, Velvet Crush taldearekin aritu ziren. Garai haiek izan ziren taldearen onenak, dudarik gabe; urte erdi inguruan ekitaldiz ekitaldi ibili ziren. Astero ez bazen, hamabostean behin Euskal Herriko bazterren batean izaten zuten kontzertua, eta zenbait astetan bi ekitaldi izatera iritsi ziren.
Sasoi oparo haien ondoren, taldea lokalean barneratu zen, disko berria prestatzeko asmoz. Nahiko luze joan zitzaien, ordea, disko hura prestatzetik kaleratzeraino. Baina lau urtez lokalean aritu eta gero, azkenean 2000. urteko Durangoko Azokan aurkeztu zuten lan berria. 24 kanta prestatu ostean, 12 aukeratu zituzten eta lokalean bertan, Atxuiyak eta Iosu Galtxak lagunduta, eurek ekoiztu zuten lan hura. Ondoren, Gaztelupeko Hotsak disketxearen bidez kaleratu zuten. Aipatu bezala, ia Euskal Herri osoan ibili ziren Fundiziyue taldekoak eta Azpeitian bertan ere behin baino gehiagotan jo zuten. Gogoan dute herriko ekitaldi haietako bat, gogoan izateko modukoa delako. "Behin Azpeitiko Udalak eta tabernariek antolatutako kontzertu batean beste bi talderekin jotzeko aukera izan genuen. Guri, ordea, azkenak izatea tokatu zitzaigun, goizeko hiruretan, eta hurrengo eguna lan eguna zenez, inor ere ez zegoen plazan; inor-inor ere ez".
Ez zen, ordea, hori sarri gertatzen zen zerbait. Horrela aritu zen taldea ondorengo urteetan, astero entseatu eta tartean behin kontzerturen bat eskainiz. Baina gauza guztiek izaten dutenez bukaera, Fundiziyueri ere heldu zitzaion berea. 2004. urtean taldeko Aitor Ondarru eta Ion Iraeta taldearen errutinaz aspertu egin ziren eta proiektu berri bati heltzea erabaki zuten. Haien hutsunea handia izango zela eta, guztien adostasunarekin erabaki zuten onena taldearen ibilbideari bukaera jartzea zela. Eta halaxe egin zuten.
Fundiziyuek argitaratutako lanak hiru maketa dira. Aipatu bezala, batekin Egin Txotx sarian finalista izan ziren eta beste batekin, berriz, Euskadi Gaztea maketa lehiaketan entzuleen saria irabazi zuten. Ondoren, taldearen lehen diskoa kaleratu zuten. Urrestillan grabatu ostean, Gaztelupeko Hotsak disketxeak azkeneko ukituak eman eta 2000 bukaeran kaleratu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario