SPEZIAL GUEST... 1997an sortu zen Spezial Guest Urretxun (Gipuzkoa). Urteak daramatzate eszenatokiz eszenatoki izerdi tanta lodiak botatzen eta orain, ausart baino ausartago CD bikoitza argitaratu dute, norekin eta inorekin… Bueno, hola esanda ez da zehatzegia, disko autoekoitzia kaleratu baitute, You’ll like this, non oinarri astunak nagusi diren, metal eta emoaren bideetatik abiatzen direnak, intentsitatea jomuga dutela, indarra bitarteko. Txarli 100% abeslariak erantzun die gure galderei.
Disko bikoitza eta autoekoitzia argitaratu berri duzue. Nolatan?
Duela denbora dezenteko kantu guztiak argitara emateko gogoa geneukan. Gainera, jendea galdezka zebilen ea noiz aterako genuen zerbait berria. Dena horrenbeste berandutu zenez, CD bikoitza ateratzea erabaki genuen. Lehen CDan kantu berrienak daude. Shot! estudioetan grabatuak izan ziren Bad F-Line taldeko Iñaki Bengoa teknikari eta injeinari izan genuelarik. Oso pozik gelditu ginen azken emaitzarekin, eta gainera bonus track bat dago, ...and the lights switch on, unplugged moduan grabatu genuena Urretxu D.F.-ko Intrepid Fox-en. Bigarren CDan berriz, kantu zaharragoak daude. Hortik dator izenburua: Same old songs. I’m losten moldaketa elektriko bat jasotzen dugu. Modu etxekoiago batean grabatua da, hortaz CD bien arteko soinu desberdintasuna horren agerikoa ez izateko formatu bikoitzean aurkeztea bururatu zitzaigun.
Zuen musika diskoetxetara bidali duzue? Emaitzarik bai? Desberdintasunik al dago zigilu independente eta multinazionalen artean?
Diskoetxe askotara bidali dugu gure materiala inongo emaitzarik gabe. 200 zigilu ingurutara (estatukoak naiz nazioartekoak) igorri dugu, baina ez dugu erantzunik jaso… dela ingelesez kantatzen dugulako, dela katalanak ez garelako, dela euskaraz kantatzen ez dugulako, dela onegiak garelako, dela zuriak garelako edo dela gusanitoak jaten ditugulako… azkenean ez gaitu ezta batek ere fitxatu. Batzuk interesatu dira, baina gauza hortxe gelditu da. Desberdintasunik multi eta independenteen artean? Baten batek fitxatzen gaituenean esango dizut…
Nolatan sor daiteke zuena bezalako talde bat Urretxu bezalako herri batean? Mugimendurik ba al dago? Nolakoa da herriko giro musikala?
Urretxu D.F.-n ez da inoiz batere mugidarik egon. Esan nahi dudana zera da, Buenavistan egon daitekeen rock and roll eszenarik ez dagoela hemen, edota Hondarribin edo Irunen dagoena (nik Duten harrobia deitzen diot). Hemen taldeak egon badaude, baina bakoitza bere aldetik doa. Horregatik, hain zuzen, Spezial Guest bezalako talde bat dago, gutako bakoitza bere kaxa doalako. Trikitik hasita, death metaleraino daukagu herrian, eta tartean popa, rock erradikala eta txalaparta. Gertatzen dena zera da: udaleko kakatiek ez dutela ezer egiten taldeen alde.
Duela bi urte, Festimaden 2002 jo zenuten. Nola atera zitzaizuen aukera hori? Esperientzia polita izan zen?
Maketa lehiaketa baten bitartez lortu genuen. Epaimahaiak akzesit bat eman zigun. Jende askok parte hartu zuen eta gu aukeratzea asko harritu gintuen. Baina azkenean Madtaste CDan gure kantu bat agertzeko eta jaialdirako sarrera doan ateratzeko balio izan zitzaigun bakarrik. Jende askoren aurrean jotzeak beti jartzen zaitu bero!!!
Zeintzuk dira zuen eraginak? Norekin gustatuko litzaizueke eszenatokia konpartitzea?
Denetariko influentziak ditugu. Taldekide bakoitzak bere musikak entzuten ditu: death metala, Duran Duran, 80ko heavya, stonerra, popa, rock asko, countrya, Motown eta gauza klasikoak, Sabbath, Zeppelin, The Cure… Bestalde, ez dakit guztien izenean hitz egiten ari naizen Thursday-rekin batera jotzea gustatuko litzaigukeela esaten badut. Gainera, Bartzelonan izan ziren eta aho bete hortz utzi gintuzten!!!
Zuzenean asko jotzen duzuela badakit. Zein izan da zuen zuzeneko gogoangarriena eta zein txarrena? Anekdota dibertigarririk bai?
Asko jotzen dugu merezi ez dugun managerra daukagulako, inor baino gehiago bustitzen dena. Baina jotzeko asko bilatu behar da ere, izerdia bota. Gainera, hemen Penintsula osoko zirkuiturik onena daukagu dudarik gabe. Gure esperientziarik onena, ez dakit… Urretxuko Gaztelekuan jo genuen azken aurreko aldiaz oso oroitzapen ona daukat. Gainezka zegoen eta jende guztia izerdi patxetan zegoen… Aldiz, kontzertu txarrak… Bilbon egin genuen bat, Jonek gitarrarekin buruan jo ninduen, zauria asko handitu zen, ostia ederra, bai jauna!
Zerbait gaineratu nahi?
Diskoa erosi, ez zarete damutuko, gogo handia jarri dugu eta nabari dela uste dugu. Eta zuzenean gu ikustera animatu. Eszenatokian dena ematen duten taldeak bilatzen ditugu kartela konpartitzeko, kokoteraino baikaude zuzenean mugitzen ez diren taldeak ikusteaz. Badirudi ez zaiela egiten duten musika gustatzen… Odoletan gu ikustera etor daitezen!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario