Sorkun Rubio (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) Kashbad taldeko kantaria izan zen bakarkako ibilbideari ekin aurretik. Ahots dohain apartak dituen kantaria da, eta orain arte grabatutako hiru diskoetan, stoner rock, elektronika, reggae, pop eta blues doinuak bere egin ditu. Halaber, Fermin Muguruza abeslariaren diskoetan kolaboratu du maiz eta haren taldeetako partaide izan da hainbat urtez.
Hamazazpi urterekin hasi zen Sorkun Kashbad taldean abesten, eta berehala haren ahotsa nabarmendu zen. Hain zuzen, taldeak lehen diskoa grabatu aurretik, Negu Gorriak-en Ideia zabaldu (Esan Ozenki, 1995) diskoan kolaboratu zuen Sorkunek, "Aizu" kantuan abestuz. Hurrengo urteetan hiru disko grabatu zituen Kashbadekin -Kashbäd (Esan Ozenki, 1996), Distantzia (Esan Ozenki, 1997) eta Hesiak (Esan Ozenki, 1999)-, harik eta 2000. urtean taldea desegin zen arte. Ordurako Sorkunen izena ezaguna zen Euskal Herriko rock zaleen artean, eta Fermin Muguruzak, Negu Gorriak desegin ondoren, FM 99.00 Dub Manifest (Esan Ozenki, 2000) bere bakarkako bigarren diskoan parte hartzera gonbidatu zuen. Geroztik, Muguruzaren taldeetako korista izan da Sorkun.
Muguruzak berak bultzatu zuen bakarkako ibilbidea hastera. Horrela, FM 99.00 Dub Manifest aurkezteko munduan zehar egindako biran konposatu zituen Sorkunek Onna (Metak, 2002) bere lehen diskoko kantuak. Kantuen sortze prozesuan Xabi Strubell (Dut, Zura) eta Gorka Sesma (Kashbad) gitarra jotzaileak eta Fermin Muguruza izan zituen ondoan. Haiekin kantuen nondik norakoak finkatu ondoren, entsegu lokaleko lanean murgildu zen beste talde bat osatu zuela horretarako. Stoner rock eta hip hop eta elektronikako taldeetan (Neubat, Exale, Atomoog...) aritutako lau musikari aukeratu zituen Sorkunek: Kanda (gitarra), Atxus (baxua), Iker (programazioak) eta Home (bateria). Horiek osatu dute hurrengo diskoetako bizkarrezurra ere. Hortaz, rock soinu gogorra du Sorkunen bakarkako lehen diskoak. Horrela zioen Metak diskoetxearen prentsa oharrak: "Sorkunek patroiak ez ditu gustuko, ez da estilo itxien lagun eta horrela kantuak ez dira plano batean bakarrik mugitzen, aberatsak dira, ñabardurez beterikoak. Arazo edo konplexu handirik gabe egiten dute stoner eta hardcore eta rock eta pop eta bestelakoen arteko bidaia, kantuaren arabera lan egiten dute, kantuak eskatzen duena gehitu edo kenduz". Diskoaren izenburuak "emakume" esan nahi du japonieraz. Hain zuzen, kantuetarako hitz asko Japonian idatzi zituen Sorkunek, eta haiku poemen antzeko egitura dute.
Fermin Muguruzaren Kontrabanda taldearekin aritu zen hurrengo urteetan, eta bitartean bigarren diskoan pentsatzen hasi zen. Tarte horretan, surfari buruzko film baterako musika sortzeko eskaintza jaso zuen Sorkunek, eta horretan hasi zen lanean. Haatik, filmaren proiektua bertan behera geratu zen, baina egindako zirriborroak bere bigarren diskorako baliatzea erabaki zuen. Duna-n (Metak-Kontrakalea, 2005) beste bide bat hartu zuen abeslari gipuzkoarrak, eta musika elektronikora, ragga eta drum&bass-era jo zuen, rockarekin uztartuta. Kantuak ordenagailuz sortu zituen, beste musikariekin entsegu lokalean egin beharrean. Libe Garcia de Cortazar (teklatua; Neubat) eta Igor Ruiz (saxofoia; Fermin Muguruza, Esne Beltza) sartu ziren taldean, soinuari beste ñabardura batzuk emanez. Diskoak oihartzun handia izan zuen, batez ere "Non zaude???", "Heldu nazazu" eta Aretha Franklinek ezagun egindako "Rescue me" kantuaren bertsioari esker.
Sorkunen lanak PIAS diskoetxearen interesa piztu zuen, eta hirugarren diskoa argitaratzeko eskaintza egin zion multinazional horrek. Baliabide gehiagorekin egin ahal izan zuen lan. Kaliforniara joan zen Sorkun & Vice Presidentes (2008) grabatzera, Robert Owen ekoizlearekin. Vice Presidentes taldearen laguntzaz, rock ilun eta lehorrera itzuli zen Sorkun. "Duna-rekin oso nekatuta bukatu nuen, zailtasun handikoa zelako. Jende asko ginen eta errepertoriora ez zen batere erraza. Pop abestiak, rock abestiak, saxo, teklatua.... Biraren amaieran konturatu nintzen abesti zaharrekin pasatzen nuela ondoen, rock kantuekin zoratzen nintzela gehien". Diskoa promozionatzeko elkarrizketetan, diskogintzarekiko kritiko azaldu zen Sorkun, eta garrantzitsuena kontzertuetan aritzea zela aldarrikatu zuen. Azken urteetan, bide horretatik jo du. Ez du disko berririk atera, baina kontzertuak ematen jarraitu du, formatu akustikoan, kantu propioak eta blues kantarien (Skip James, J.B. Lenoir, Howlin' Wolf, Shemekia Copeland) bertsioak eginez. Gorka Sesma gitarran (Kashbad), Tanausu Santana baxuan eta Juanma Urriza baterian izan ditu lagun kontzertu horietan.
Abeslari gisa, hainbat diskotan kolaboratu du Sorkunek: Zurrunbilo kaotikoa eta Salatzen dut (Ekon), FM 99.00 Dub Manifest, Komunikazioa Tour, Euskal Herria Jamaika Clash, Xomorroak eta Ashmatic Lion Sound Systema (Fermin Muguruza), Enegarren postala (Jabier Muguruza), Paradisu zinema (Joxe Ripiau), Ideia zabaldu eta Salam, agur (Negu Gorriak), Kalean (Bad Sound System), Kiribil (Zura), Ni una puta duda (Rushblacka), Pin Pan Pun Band! 2. Bol (Pin Pan Pun Band!), Y si rompo mi camino (Damba)...
No hay comentarios:
Publicar un comentario