domingo, 8 de diciembre de 2013

TIOBIBO



TIOBIBO... 90. hamarkada bukaeran sortu zen Tiobibo taldea. Beste zenbait talde bezala, Tiobibo ere gainbehera zetorren beste talde batetik sortutakoa da, Zilbor Hesteak taldetik, hain zuzen. Aitor Atxuiya taldeko gitarrajoleak, Zilbor Hesteak taldearen desegitea iritsi eta pixka batera, bere anaia Asierrekin taldea sortzea erabaki zuen. Baterijole berri bezala, Xuban Elortza ariko zen, eta bigarren gitarra eta ahots gisa, Ibon Odriozola (Signakulumen ibilitakoa). Ibon bera Zilbor Hesteak-en sorreran ere taldekide izan zuten. Beraz, taldearen aurreneko pausoak emateko, Zilbor Hesteak-en sorrerako kantuei heldu zieten.

Laster konposatu zituzten, ordea, euren lehen kantak, eta 2000. urtean etorri zitzaien lehen emanaldia eskaintzeko aukera; Azpeitiko plazan, hain justu. Ez zen bakarra izan. Nahiz eta Tiobibo ez den izan inoiz oso kontzertu zalea, eduki zuen emanaldi gehiago egiteko aukera. Horren adibide, Azpeitian 2000ko Kilometroen barruan eskainitakoa. Orduan, Fundiziyue taldearekin batera, Goenako kanpan egokitutako gunean aritu ziren igande goizez, eta kontzertu guztiak bereziak izaten badira ere, Kilometroak jaialdiko hura bai izan zela berezia, beraien ustez. Ibonentzat bereziki, bere emazte Nagore Azpiazu lehendabiziko haurra izateko zorian zegoelako. —‘Nahiko larri egon nintzen orduan. Nagoreri begiratzen nion eta han zegoen tripa handiarekin. Justu-justu ibili ginen, hurrengo goizean izan ginelako guraso’.— gogoratzen du Ibonek.

Hilabete gutxira Ibonek berak, lana zela medio, taldea utzi egin behar izan zuen berriro. Abeslari postua hutsik gelditu zen horrela, baina ez luzarorako. Izan ere, Eusebio Beloki izan zen berehala mikrofonoari heldu eta abesten hasi zena, Zilbor Hesteak garaian bezala. Belokirekin batera, Gorka Alberdi azkoitiarra ere batu zitzaien, bigarren gitarrista modura. Baina aldaketak hasten direnean zaila izaten denez gelditzea, Xubanek bere bateri postua utzi egin zuen, Robertori utzi ere. Horrela, taldea bigarren aldiz finkatuta gelditu zen. Ez denbora askorako, ordea. Gorkak eta Aitor Atxuiyak bide berriei heltzeko asmoz, taldea utzi egin zuten berehala. Gauzak horrela, taldeak ibilbidea bukatutzat jotzea erabaki zuen. Baina hilabete batzuk lehenago euren lehen lana kaleratu zuten: Domestik. Denbora askoan eduki zuten labean, ukitu ugari eman zioten, baina azkenean behintzat, disko horrek ikusi zuen argia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario