NAZKAU EZ!... Ospa taldearen barruan aldaketak iritsi zirenean sortu zen Nazkau ez! taldea. Axkik jarraitu zuen bateria jotzen, Aritz Amezua aritu zen gitarra jotzen, Aritz Olaizola baxuarekin eta Sustak segitu zuen abesten. Hasieran Ospa taldearen kanta zaharrak joz hasi ziren. Laster osatu zituzten, ordea, euren lehen kantak. Punk doinuez gain, rockekoak ere lantzen dituzte tarteka. Taldearen lehen kontzertua jotzeko aukera, 2001. urtean heldu zitzaien, oraindik beraien bospasei sei kanta besterik ez zituztenean. Zubi-zarreko lokaletan antolatu zen jaialdian parte hartzeko gonbitea jaso zuten, eta onartu beraiek. —‘San Inazio bezpera zen eta bazkari on bat eginez hasi genuen eguna. Gauean berandu jo behar genuen eta, bazkalondoren, poteoan ibili eta halaxe iritsi ginen geure lehen kontzertu hartara’....— dio Axkik. —‘Nik, berriz, ez dut ahaztuko behin ere Axkiren taularatzea, Bob Marleyren irudia zeukan zapi bat kapa bezala zeramala. Egundoko presentzia!’— gaineratu du Amezuak.
Beste emanaldirik eskaini zuten; besteak beste, Mutrikuko Gaztetxean, edo Azpeitiko plazan bertan eta, jakina, urteroko Triku Festan ere hor izan dira. Taldea itxura hartzen hasi zenerako, Iosu Galtxarekin hitz eginda zeuden, eta Iosu arduratu zen taldearen lehen maketa grabatzeaz. Bertan, 16 kanta bildu zituzten, estilo desberdinetakoak baina guztiak ere indartsuak. Horien artean bertsio bat, eta Ospak bere bukaera aldera sortua zuen kanta baten moldaketa ere bai. Baina maketa hark ez zuen inoiz argirik ikusi. Grabatu eta berehala, Aritz baxularia lan arrazoiengatik taldea utzi beharrean izan zen. Geldialdi garai baten ondoren, baxulari berria sartu zen taldean: Eneko Etxeberria, Sin oficio ni benefizio taldekoa. Jotzeko guztiz modu ezberdinak zituztenez, berriro grabatzeko asmoz, aurreneko lana ez ateratzea erabaki zuten, nahiz eta oraindik ez duten euren lehen lanik kaleratu.
Taldea berriro osatu eta urtebete ingurura, bateri lanak betetzen zituen Axkik ere uztea erabaki zuen, Zestoa aldean reggae proiektu berriei eusteko asmoz. Betidanik amestu izan zuen reggae banda. Baxularia aurkitzea baino errazagoa izan zitzaien, ordea, baterijole berria aurkitzea: Aritz Amezuaren anaia gaztea, Oihan, prest agertu zen segituan postu hura betetzeko. Gaur egun, kanta berriekin euren aurreneko lana grabatzeko asmotan dabiltza.
Nazkau ez!-ek argitaratutako lanak: Beraien lanik argitaratu ez badute ere, maketa bat grabatua dutenez, pare bat bildumatan euren kantak sartu zituzten. Azpeitia desegin. Zubi-zarreko eta Urrestillako punk eta oi taldeen artean argitaratutako cd-a. Presoak herrira. Presoen herriratzea aldarrikatzeko osatu zuten diskoan, Freedom to baske country kanta abestia dute, baita kantu horrekin eginiko bideoklipa ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario