domingo, 29 de diciembre de 2013

GOZATEGI



Trikitia pop eta rock taldeen formatura egokitu zen 90eko hamarkadan, eta horrek izandako arrakastaren erantzuleetako bat izan zen Gozategi taldea. Asier eta Ainhoa Gozategi anai-arreba oriotarrek eta Iñigo Goikoetxea altsasuarrak osatu zuten taldea, 1991. urtean, eta "Nor-nori-nork" kantuarekin egin zen ezagun. Musika freskoa, bizia eta adin guztietako entzuleen gustukoa eskaini zuten. Arrakastarik handiena "Nirekin" kantuarekin lortu zuten. Hogei urteko ibilbidearen errepasoa egin zuen taldeak All Stars 1992-2012 diskoan.

Trikitian ezohikoa zen formatu bat ekarri zuen Gozategi taldeak: hirukotea. Soinu eta pandero jotzaileez osaturiko bikote tradizionalari beste kide bat gehitu zioten: baxu eta txarango jotzailea. Asier Gozategi (trikitia eta ahotsa), Ainhoa Gozategi (panderoa eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa) 1991n hasi ziren erromeriak eskaintzen, Gozategi Anai-arrebak izenarekin. Geroago, Gozategi bihurtu ziren. Trikitilari belaunaldi berriaren ordezkaritzat aurkeztu zituen Elkar diskoetxeak, Gozategiren lehen diskoa plazaratzean: Gozategi (1995). Hirukotearen musikaren gaztetasuna, freskotasuna, bizitasuna eta kolorea nabarmendu zituen, eta «adin guztietako entzule gazteentzat» zela gaineratu zuen. Ordurako ezaguna zen Gozategiren izena, maketan grabatutako kantu batek, Manolo Escobar kantari espainiarraren abesti batean oinarrituriko "Nor-nori-nork" izenekoak, sekulako oihartzuna izan zuelako. Maketaren 2.000 ale saldu zituen taldeak.

Arin-arin, fandango eta porrusaldez gain, tex-mex, cumbia eta maitasunezko baladak sartu zituen Gozategik estreinako lan gustagarri hartan. Trikitia pop-rock musikaren mundura eramateko ahaleginaren seinale, Fran Iturbe gitarrista (Jotakie, Bide Ertzean) arduratu zen ekoizpena zaintzeaz, eta rock formatuko talde batekin grabatu zen diskoa (bateria, baxua eta gitarra). Diskoaren azal koloretsuak ere trikitiaren aro berri bat iragarri nahi zuen. Diskoak sekulako oihartzuna izan zuen, 17.000 ale saldu ziren, eta bigarren diskoari begira presio handia ekarri zion taldeari. Hala ere, Gozategiren unerik gorena, arrakastari dagokionez, Ainhoa (Elkar, 1996) bigarren diskoarekin heldu zen, eta, zehazki, "Nirekin" kantuarekin. 1996ko udako kantua izan zen, eta «emoixtaxux muxutxuek...» leloa ahoz aho ibili zen. Jon Maia bertsolariak bizkaieraz idatzitako hitzetan zetzan arrakastaren gakoetako bat. Honela azaldu zuen Asier Gozategik: «Gai berarekin batuaz idatzi zuen hasieran; handik bi egunetara etorri eta 'tori beste hau' esan zigun. Orain elkar ikusten dugunean, hunkituta besarkatu eta magia dela pentsatzen dugu. Gertatu egin da, aproposa ezin zen egin: musika hitzarena da, eta hitza musikarena».

Aurreko diskoko lan egiteko era errepikatu zuen taldeak; berriz ere, Fran Iturbek egin zuen ekoizpen lana, baina oraingoan alde zeukan taldea eta kantuak hobeto ezagutzen zituela. Hain zuzen, urtebetez aritu zen Iturbe taldea kontzertuetan laguntzen. Ordurako aldaketa gertatzen ari zen herrietako plaza eta frontoietan. 70eko hamarkadatik berbena taldeena zen esparru hori erromerietatik zetozen taldeak hartzen ziren -Gozategi, Maixa ta Ixiar, Tapia eta Leturia...-, eta berriz ere gainezka betetzen hasi ziren. Kalanbreak hirugarren diskoan (Elkar, 1998), bere musikari ukitu modernoagoa eman nahi izan zion taldeak, eta Javi Pez musikari eta disko jartzaile donostiarrarengana jo zuen, abestiak dantzarako programazioekin jantz zitzan. Aurrekoaren aldean, onespen apalagoa izan zuen lan horrek, baina hala ere, herrietako jaiak girotzeko aproposak ziren kantu fresko eta dantzagarriz beterik zegoen. Hainbat kanturen hitzak Orioko bertsolariek idatzi zituzten: Xabier Sukia, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga... Aurretik kanpoan arituak baziren ere (Katalunian, Galizian eta Argentinan, besteak beste), disko honekin atzerrirako proiekzioa zabaldu zen. Hala, Suitzan, Frantzian, Galizian, Espainian, Finlandian, Katalunian, Argentinan eta Uruguain jo zuten. Aldi berean, Gozategi's Blai dantza ikuskizuna estreinatu zuten, zortzi dantzarirekin eta txistulari batekin.

Bost urtean laugarren diskoa kaleratu zuen, Egunon (Elkar, 2000). Izenburuarekin mezu baikorra zabaldu nahi zuen taldeak, baina kantuen hitzetan eduki sozial eta politikoak pisu handia hartu zuen, bai eta maitasunak ere. Gozategiren diskorik pertsonalena zela azaldu zuten taldekideek aurkezpenean. Hari moldaketak sartu zituzten, eta ekoizpenaz Dominic Earl gitarrista (Niko Etxart) eta Jean Phocas arduratu ziren, Fran Iturberen ordez. Bost urte lehenago hasitako triki-poparen sukarra jaisten ari zen, eta Gozategik ere nabaritu zuen makalaldia, bai diskoen salmentan, bai emanaldien kopuruan. Ondorioz, atsedenaldi luze bat hartu zuen hurrengo diskoa kaleratu aurretik, eta musikatik aparteko lanbideetan hasi ziren taldekideak. Musika egiteari ez zioten utzi, ordea, ezta zuzenean jotzeari ere. Tarte horretan, Zarautzen eta Orion 2004. urtean egindako Kilometroak jaiaren aldeko kantua sortu zuten, Andoni Egaña eta Iñaki Gurrutxaga bertsolarien hitzen gainean, baina Gozategiren hurrengo diskoa ezagutu arte sei urte igaro ziren.

Elkar utzi, eta Babelmusik diskoetxe sortu berriarekin argitaratu zuten Goztg.kom (2006). Denbora asko pasa arren, estilo arrakastatsuari eutsi zion taldeak: abesti dantzagarriak eta hitz zuzenak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, Batasuna alderdi politikoaren ilegalizazioa, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ostean Espainiako Gobernuan gertatutako aldaketa, etorkinen tragedia eta halakoak hizpide hartu zituen Gozategik lan horretan. Lau urte geroago Bizi-bizirik (Babelmusik, 2010) diskoarekin itzuli zen taldea, laukote bihurturik: Ainhoa Gozategik utzi egin zuen taldea, baina David Gorospe (bateria; Skasti, Buffalo) eta Imanol Goikoetxea (gitarra) batu ziren. Gozategiren berezko estiloari uko egin gabe, instrumentazioan zenbait berrikuntza dakartza lan honek, bereziki tronpeten erabilera. Taldearen 20. urteurrenarekin bat eginez, kantu ezagunenak berriz grabatu eta All Stars 1992-2012 diskoan (Elkar, 2012) jaso zituen Gozategik. Mikel Irazokik (M-ak, Bizkar Hezurra) ekoitzi zuen diskoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario