1986. urtean, Jon Mikel Arronategik (baxua), Josu Artetxek (bateria), Igor Motak (ahotsa) eta Aitor Albizuk (gitarra) Xe Osti taldea sortu zuten, eta hainbat kontzertu eman zituzten Bizkaian, besteak beste Gernika 37-87 egitarauaren barruan. 1991. urtearen hasieran, Gernikako Udalak abiarazitako ekimen bati esker, grabazio baterako diru laguntza jaso zuten. Hala, martxoan lau kantu grabatu zituzten Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan. Maketari izena jartzeko, Txillardegiren liburu esanguratsu baten izenburua aukeratu zuten: Exkixu. Une horretan, Arronategi, Artetxe eta Albizurekin batera, Nagore Iturbek eta Larrusek osatzen zuten Xe Osti. Horren ostean, kontzertu gutxi batzuk eman zituzten, baina taldeak ez zuen iraun.
Urte berean, uda aldera, Arronategik eta Artetxek Algortako Jose Miguel Guisan (gitarra) ezagutu zuten eta entseatzen hasi ziren. 1992an, taldea ezagutarazteko, maketa bat grabatzea erabaki zuten, eta martxoan estudiora sartu ziren, Zornotzako Iñigo Ibarretxe albokariarekin. Aurreko grabazioarekin alderatuta, emaitza zeharo desberdina zen, nahiz eta oraingoan ere rocka eta folka batzeko ahalegina egin. Maketak bi diskoetxeren interesa erakarri zuen, eta taldeak Iruñeko Gor aukeratu zuen. Bizkaian kontzertuak egiten hasiak ziren, eta 1993ko urrian Lorentzo Recordsen sartu ziren berriro. Diskoa grabatu aurretik, Josemi Guisanek taldea utzi zuen eta Esteban Mediavilla bilbotarrak ordezkatu zuen. Gabonen aurretik Exkixu (Gor, 1993) lehen diskoa kalean zuten. Kantu indartsuak dira, rockeroak, oso melodiko eta itsaskorrak, baina albokaren, trikitiaren eta gaitaren laguntzarekin tradizioarekin estuki lotuak. Are gehiago, bertsoak ere sartu zituzten. Kantu guztiak taldearenak dira, "Agur" Motorheaden doinu batetik egokitutako kantua izan ezik. "Portu zaharra" abestiko hitzak Joseba Sarrionandiaren olerki batetik hartuak daude. Maketatik bi abesti ("Sua, sua" eta "Urruntasunaren ahotsa") hartu zituzten. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak bertsoak idatzi zituzten, Joseba Tapiak trikitia jo zuen, eta Jose Alberto Batiz gitarristak (Akelarre, Tapia eta Leturia Band) punteoak sartu zituen "Matxinada", "Agur" eta "Aurkitu zintudan" kantuetan.
Hiru hilabete agertokietara igo gabe egon ostean, 1994ko urtarrilean itzulerako lehenengo kontzertua egin zuten, Burlatan (Nafarroa). Diskoa ezagutzera ematen hasi ahala, kontzertuak ugaritzen joan ziren. "Sua, sua" izan zen kanturik arrakastatsuena, baina bizkaieraz abestutako hitzekin euskal gazteriaren zati handi bat identifikatu eta leloak nonahi zabaldu ziren: harreman eta haragi kontuak, sentimenduak, askatasun egarria, aldarrikapena, matxismoaren salaketa... Bigarren diskoa grabatzea erabaki zutenerako urte eta erdi pasatu zen eta ordurako taldea kontzertuen zurrunbilo erraldoi batean murgilduta zegoen; taldekideak erdi profesional bihurtu ziren. Erritu paganoen eta mitologiaren kutsua indartzeko, kontzertuetan momotxorroek albokaren doinura egiten zuten dantza, eta taldearen ikur bihurtu ziren. Gaua heldu orduko ere (Gor, 1995) Lorentzo Recordsen grabatu eta nahastu egin zuten, 1995eko udan. Soinu teknikaria Josu Monge izan zen, eta ekoizpen lanetan Jose Alberto Batizek lagundu zuen.
Horretan Iñigo Ibarretxek, albokaz gain, txistua ere grabatu zuen; eta trikitia, berriz, Igor Arzuagak eta Ritxar Cuevasek jo zuten. Etxeko bertsolariak, Unai Ormaetxeak, bere tartea izan zuen. "Hau dok umorie" abestiko hitzak Asier Serranok idatzi zituen, "Sexua, ze sua"-renak Unai Iturriagak eta "Gure hitza"-renak Iñaki Aurrekoetxeak. Taldeak bilatzen ari zen soinua aurkitu eta instrumentuekin eskarmentu handiagoa hartu zuen. Are gehiago, folk instrumentuek, albokak kasu, leku txikiagoa dute, eta gitarrak gainetik jartzen dira. Hitzei dagokienez, sorginak, Amaiur, sexua, bidegabekeriak eta iraultza dira gehien jorratutako gaietako batzuk. Hain zuzen ere, "Sorginen leizean" eta "Amaiur" bihurtu ziren diskoko kantu ezagunenak.
Kontzertu ugari egin zituzten, baina behin bakarrik irten zen taldea Euskal Herritik, Zaragozara (Espainia), preso baten aldeko jaialdira. Guztira, 300 bat emanaldi egin zituzten. 1996ko abenduan Euskal Herrian Euskaraz-en aldeko bilduma batean Benito Lertxundiren "Loretxoa" kantuaren moldaketa sartu zuten; hori izan zen kaleratu zuten azken kanta. 1997ko urrian, Ertzaintzaren polizia operazio baten ondorioz, taldea bertan behera utzi zuten. Hortaz, aste batzuk lehenago, urriaren 5ean, Pasaia-Lezoko Kilometroak jaialdian emandakoa izan zen taldearen azken kontzertu ofiziala. Horren ostean, baina, beste kontzertu bat egin zuten Errigoitiko txokoan, Idi Bihotz, Su Ta Gar, Mikel Markez eta Etxabe Anaiekin batera, Kepa Arronategi euskal presoaren omenez. Gerora, Alex Sarduik, Jon Artetxerekin batera, Txulufrina eta arrosa diskoa kaleratu zuen, eta handik hiru hilabetetara Gatibu taldea sortzeko lehen urratsak egin zituzten. Jon Mikel Arronategik, berriz, Ken Zazpi taldean dihardu. Bi taldeek Exkixuren arrakastari eutsi diote.
No hay comentarios:
Publicar un comentario