EZINEAN... Hiru gaztez osatutako taldea da Ezinean eta, Urrestillan zenbait urte daramatzaten arren, lehen pausoak Oihan Amezua baterijolearen garajean egin zituzten. Gogoan ditu Oihanek berak lehen urrats haiek: —‘2000. urte aldera Oier Ezeizak bazekien nik Xuban Elortzaren (Tiobibo) bateri zaharra nuela garajean eta, hala, sarri-sarri tentatzen ninduen, berarekin jotzeko esanez. Halako batean, han agertu zen bere baxuarekin eta anplifikagailuarekin, eta batera hasi ginen’. —‘Ni, berriz, Oierren kuadrilakoa izanda, jakinaren gainean nengoen zertan ari zen bikotea, eta neure gitarra erosi ondoren elkartu nintzen taldera’.— gehitu du Iban Amenabarrek. Hirukotea osatuta, lehen doinuak lantzen hasi ziren hard core melodikoaren ingururan.
Ateratzen zuten zaratagatik, bizilagunen hainbat eta hainbat kexu entzun zituzten eta Urrestillara joan ziren. Garai hartan, gainera, Urrestillako lokala eraldaketa prozesuan murgilduta zegoenez, Zio Hitse bezalako taldeekin elkartuz joan ziren, elkarrekin eskuratu berria zuten lokala egokitu eta materialez betetzeko. Behin lokalean finkatuta zeudela, orduan heldu zitzaien lehen emanaldia eskaintzeko aukera. Hain zuzen ere, San Inazio bezperan izan zen, Zubi-zarreko lokaletan antolatu zuten ekitaldian. Nazkau ez! taldeari suertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaien Ezineanekoei; hau da, herri bazkari, afari eta poteo luze baten ondoren taularatu behar izan zutela, horrek dakarrenarekin...
2002. urtean heldu zitzaion Ezinean taldeari benetako debut ofiziala, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundearen Kulturaldian. Tiobibo taldea lagun zutela, Korrale tabernan eman zuten kontzertua. —‘Aurreko urteko festan egin behar genuen debuta baina gaixotu egin nintzenez, ezinezkoa egin zitzaigun jotzea. Hortik geure izena ere, beti ezinean gabiltzalako’...— dio Ibanek. Herri inguruan maiz aritu izan diren arren, egin izan dituzte irteeratxoak. Aurrena Mutrikura, Nazkau ez! lagun zutela. —‘Oso oroitzapen onak ditut emanaldi hartaz. Mutrikuko Gaztetxean izan zen. Aurrena izateko, denak nahiko ondo irten zuen. Ez zegoen jende askorik baina gure aldetik dena ederki joan zen.‘— esaten du Oihanek.
Taldea sendotzeaz batera heldu zaie kontzertu gehiago emateko aukera: Eskoriatzan bi aldiz, Zestoan, Lasaon... 2005 hasieran grabatu zuten lehen lana, Nuke taldeko Oihan Lizasoren laguntzarekin. Lan hura Gor disketxean aurkeztu zuten, eta berriro grabatu ondoren, 2006ko maiatzean kaleratu dute. Oihan taldeko kidea da orain, bigarren gitarra. Ezinean taldekoek argitaratutako lanak dira, "3. gela" bilduman kanta bat sartu zuten. Horretaz gain, Ezinean diskoa atera berri dute; hard core medoliko 14 kanta ditu. Presoen alde kaleratu zen lan batean kanta bat eta bideo bat sartzeko aukera ere izan dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario