Izen handiko musikariek sortua (Txomin Artola, Alan Griffin, Joxan Goikoetxea, Josean Martin Zarko...), euskal folk musikaren "super taldetzat" jo dezakegu Alboka. Euskal Herritik kanpora gehien aritu diren taldeetako bat izanik, Europako izen handiko jaialdietan jo du, eta bertako musikari entzutetsuekin gauzatu ditu elkarlanak. Kaleratutako lau diskoetan herri musika ulertzeko modu akustiko, fin eta berritzailea erakutsi du.
Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle...). Hasieran, bakoitzaren -batez ere Goikoetxea eta Artolaren- egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.
Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten bigarren lanean, Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.
Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)... Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.
Josean Martin Zarkok utzita, taldea hirukote bilakatu zen Lorius diskoan (Resistencia, 2001). Ohikoez gain, itzal handiko laguntzaileak bildu zituzten lan horretarako; urtebete aritu ziren diskoa osatzeko lanetan. Aipagarriena Marta Sebestyen (Muzsikas) kantari hungariar handia bost kantu euskaraz kantatzen entzutea izan zen, bere ospearen gailurrean zegoela. Harekin batera aritu ziren Eliseo Parra kantari espainiarra eta Tino Di Geraldo baxu jotzailea, flamenko musikaren oinarrietako bat. Nabaria da, disko horretan, Alan Griffinek eta Joxan Goikoetxeak konposizioei dagokienez hartu zuten pisua. Herri musikan oinarritutako egile musika da taldearena. Honela agertu zuen, urte batzuk lehenago, herri musikekiko harremana Joxan Goikoetxeak: "Erantzunkizunagatik jo izan da herri musikara, galtzen ari den gauza hil ez zedin. Dena dela, funtzio hori gaindituta dago eta ateak zabalik... Musika herrikoia izan daiteke pinturan surrealismoa dena". Bira luze bati ekin zioten Lorius aurkezteko, eta aipagarria da haietako askotan Marta Sebestyanek berak parte hartu izana.
Hurrengo diskorako, Juan Arriolak taldea utzi eta bikote bihurtu zen Alboka. Lau anaiak diskoan (Elkar, 2004), aurrekoaren bidetik jo zuen. Suso Saiz musikari eta ekoizle galiziar iaioak ekoitzitako disko horretan, ohiko laguntzaileez gain, Benito Lertxundik ahotsak jarri zituen, Mikel Artiedak baxua jo, eta Juanjo Otxandorenak bouzoukia. Azken hori Griffin eta Goikoetxearen laguntzaile finko gertatu da urte hauetan zuzeneko emanaldietan, Xabi San Sebastianekin batera. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario