martes, 31 de diciembre de 2013

BALDIN BADA


80ko hamarkadaren erdian sortu zen Baldin Bada, Irunen (Gipuzkoa). Musika bidaia oparoa izan zuen: punk eta ska doinuetan abiatu zen, reggae giroko abestiak maisutasun handiz landu zituen, eta metal indartsua edo rock iluna jorratuz burutu zuen ibilbidea. Taldeak lau disko utzi zituen, eta 1996. urtean desegin zen.
80ko hamarkadaren hasieran, Irun rock eta punkaren abangoardia izan zen, musika arloari dagokionez. Kortatu, Vomito eta Anti Regimen taldeei beste bat gehitu zitzaien 1986an: Baldin Bada. Erresuma Batuko punk musika ardatz nagusitzat harturik, Kortaturen antzera, ska eta oi! giroetan abiatu zituzten lehen pausoak. Taldearen estetika ere gisa horretakoa zen: ile motza, kasik larru-arras moztua, bota militar beltzak eta uhalez loturiko galtza estuak. Azkar batean hasi zuten musika bidaia, hein handi batean Kortaturen ondoan egindako emanaldiei esker.

Taldea hasieran honela osatuta zegoen: Daniel Riaño Buitraker (gitarra, ahotsak), Kandi Fernandez (teklatua, ahotsak), Roberto Txatxin (bateria), Edorta Rastaman (baxua, perkusioak), Santiago Ruiz Gatxet (baxua), Pablo Susperregi Katu (gitarra, ahotsa). Garai hartako taldeen alboan, Baldin Badak bazuen berezitasun bat: teklatuen erabilpena. Zuzeneko emanaldiak eskaini eta gero, laster iritsi zen taldearen lehen diskoa: Lur azpian bukatuko duzue (Soñua, 1986). Jadanik Irungo bandak tokia egina zuen euskal musikagintzan. Lehen lan hura disko mitikoa izan zen. Hor biltzen dira Baldin Badaren kantu esanguratsuenak: "Bizi nahi dut", "Ibilaldia", "Jo ta ke" eta "Gernika koka-kola", "Gernikako arbola"-ren punk moldaketa. Baldin Bada talde gaztea zen, kale girokoa, eta aldarrikapena eta umorea ez ziren falta haien hitzetan. Taldearen ibilbidean gehien saldutako diskoa izan zen. 1987an, Egin egunkariaren hamar urteak ospatzeko kaleratu zen Bat, bi, hiru... hamar disko bikoitzean, Baldin Badaren "Ibilaldia" agertu zen, garai hartako puntako beste 20 musika talderekin batera. Tartean, La Polla Records, RIP, Cicatriz, Zarrapo eta Zer Bizio ziren.

Lehen diskoa kaleratu eta gutxira, norabide aldaketa nabaria izan zen Irungo bandan. Zenbait taldekide aldatzearekin batera, musika norabidea ere aldatu zen, eta metal doinuetara hurbildu ziren. Hala, giro horiek nagusi zirelarik iritsi zen taldearen disko beltza, Baldin bada (Oihuka, 1990). Ordurako laukote bihurturik, eta teklaturik gabe, gogortu egin zen musika planteamendua, nahiz eta "Hilik" eta tempo erdiko halako kantu izugarriak bildu lan horren barnean. Orduan, taldeko sortzaile eta teklatu jotzaile Kandi Fernandezek taldea utzi zuen, eta urte batzuk geroago bueltatu zen. 1991n, Lurralde kolpatuak (Oihuka) kaleratu zen. Lan horretan ere aldaketa bat gertatu zen taldekideen artean; hain zuzen, gerora ezagun bihurtuko zen Iban Zugarramurdi 17 urteko gaztea (Su Ta Gar, Fjord, Esne Beltza...) bateria jotzera sartu zen taldean.


1995ean, lau urteko isilunea apurtuz, taldeak estudioko azken lana grabatu zuen. Erraien iraultza diskoan (Esan Ozenki, 1995), aurretik finkaturiko norabidea berretsi zuten, musika eragin berriei toki eginez. Taldearen azken hatsa zen: Baldin Badaren azken kontzertua 1996ko ekainean izan zen, diskoa argitaratu eta urtebete eskasera. Kandi Fernandez zenbait musika taldetan ibili zen hurrengo urteetan: Ska-P, Sustraia, Minxoriak... 2004. urtean, Irungo AEK-ko beteranoak disko bilduman, "Euskara ala ez gara" abestia grabatu zuten, herriko beste 15 talderekin batera, 14. Korrikaren harira. Urte bereko abenduan, Hatortxu Rock elkartasun jaialdian aritu ziren, zuzeneko kontzertu bakar bat ematen.

Euskal Herriko rock musikaren historiarako ezinbestekoak diren kantu batzuk atera dira Baldin Badaren akordeetatik. Garai batean, "Ibilaldia" kantua plaza taldeek ere jotzen zuten herrietako jaietan. Bestetik, Betagarri talde gasteiztarrak "Baldin bada" ereserkia grabatu zuen 80/00 diskorako. Egun, oraindik ere Betagarriren kantu zerrendan ezinbestekoa da kantu hori.

No hay comentarios:

Publicar un comentario