martes, 31 de diciembre de 2013

ANARI



Bere burua definitu du Anari Alberdi artistak (Azkoitia, 1970) orain arte argitaratu dituen lau diskoen bidez. "Lehenengo diskoa (Anari) Gasteizen egin nuen, Azkoititik kanpo; Habiak bikoteari buruzko gogoeta izan zen; eta Zebra bakarrik egotetik eginiko gogoeta da". Irla izan diskoak osatzen du Anariren gaur egun arteko ibilbidea. Indar emozional handiko kantuak sortzen ditu abeslari gipuzkoarrak, hala rock gordinetik nola poesiatik hartzen dutenak. Lehen diskoa "Anari" (1997) argitaratu aurretik, Psych Out taldean bateria jo zuen Anari Alberdik. Akauzazte taldeko kideek osatzen zuten taldea, eta ingelesez kantatzen zuten. Gero etorri zen bakarkako ibilbidea, euskaraz. Lehen disko hura Mikel Abrego jaunarekin (BAP!! edo Negu Gorriak taldeetako bateria jotzaile ohia), Xabi Strubell gitarristarekin (Dut, Zura) eta Pello Ramirez biolontxelo jotzailearekin egin zuen Anarik.

Hurrengo diskoetan taldearen presentzia bestelakoa izan zen. Eta diskoen lanketa bera ere bai; lehenengo horretan kantuz kantu egin zuen diskoa, Hans Magnus Enzensberger, Eduardo Galeano, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren hitzetatik abiatuz, "Habiak" (2000) nahiz "Zebra" (2005) diskoetan kantu batetik, ideia batetik, garatu zuen lan osoa. Letrei begiratuz baina, hurrengo diskoetan ere agertzen diren ezaugarri batzuk ikusten dira lehen diskoan: zalantzak eta galderak, bakardadea eta beldurrak. Musikari dagokionez, Pello Ramirezen biolontxeloak presentzia handia du soinuan. "Gure mundua" eta "Desnúdame, desdúdame" kantuak nabarmendu ziren disko hartan. Kritikak beso zabalik hartu zuen Anariren estreinaldia, eta zuzenekoetan, bakarka zein Mikel Abrego, Xabi Strubell eta Pello Ramirezek osatutako taldearekin aurkeztu zuen diskoa.

Bigarren diskoa, Habiak, dotorea bezain iluna da, eta musikak, hitzek bezala, ikaragarrizko larritasuna islatzen du. Lehen diskoan bezala, Ramirezen biolontxeloa da soinuaren oinarri sendoetako bat, eta horrexek markatzen du melodia; letretan, berriz, "Denbora" amari eskainiriko kantua izan ezik, bikoteari eta harremanei buruzko gogoetez josita dago. Nick Cave kantari australiarraren edota Tindersticks taldearen oihartzuna du diskoak. Kaki Arkarazok ekoitziriko bigarren disko horretan ere Mikel Abregok eta Xabi Strubellek hartu zuten parte, eta Xabier Olazabal Drake baxu jotzaileak (BAP!!, Inoren Ero Ni) osatu zuen oinarrizko taldea. Halaber, Ruper Ordorika, Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream) eta Pettiren kolaborazioak daude, besteak beste. Bi urtez aritu zen Anari Habiak zuzenean jotzen, eta publikoaren eta kritikaren onespen osoa izan zuen. 

Eta handik bost urtera iritsi zen "Zebra" (2005) diskoa. "Erori banaiz ere, gorantz erori naiz / nola urazaleratzen diren arrainak hiltzean" esaldiarekin hasten da hirugarren diskoa. "Diskoa grabatzen hasi aurretik banekien kantu horrekin hasiko zela. Nire bizitzan pisu handia izan duen esaldia da". Zebra-rekin ziklo bat itxi nahi zuen Anarik. "Ziklo baten amaieran nagoen sentipena daukat. Hiru disko izan dira, eta nahiko nuke beste zerbait egin aurrerantzean, nire bizitzako momentu luze baten inguruko hiru disko izan direlako". Lan horretan, soinu elektrikoan murgildu zen Anari; ordura arte bere lanetan erreferentzia izan den biolontxeloa bazterturik, gitarretan oinarritu zen, inoiz baino rockeroagoa agertzeko. Hotel eta Inoreneroni taldeetako gitarrista Borja Iglesias garrantzitsua izan zen aldaketa horretan. Soinua aurrekoetan baino gogorragoa da, baita hitzak ere. "Zebra" iraupenari buruzko abestitik abiaturik, bakarrik egotearen inguruan sorturiko gogoetak biltzen ditu diskoak. Atzean izan zuen musikari multzoa inoiz baino gehiago izan zen taldea. Musikarien jotzeko erak Anariren nortasunarekin bat egin zuen. Hortaz, aurrerantzean, "Anari gara" esanez, talde bat bezala aurkeztuko du bere burua kontzertuetan Anarik. Mikel Abregok, Drake-k, Borja Iglesiasek, Maite Arroitajauregik (Mursego) eta Jon Oiartzun Jomes-ek (Bap!!, La Jodedera) osatu zuten Zebra aurkezteko taldea. Berriz ere, kritika oso onak jaso zituen Anariren lanak, eta, esaterako, 2005ean Espainian argitaraturiko disko onenen zerrendan jarri zuen Bartzelonako Rockdelux aldizkariak, bigarren lekuan hain zuzen.

Diskotik diskora aldatu egin nahi izan du Anarik. "Niretzat aldatzea ezinbestekoa da sormena bizirik izan nahi badut. Beste lurralde batzuetara eraman behar dut neure burua. Asma liteke, ala ez, baina nik aukeratu dudan aldaketa da, eta hori ona da". Bigarren eta hirugarren diskoaren artean, Petti abeslariarekin partekaturiko disko txiki bat argitaratu zuen 2003an, Metaken Pil-Pil Sessions sailean: Anari ta Petti. Bakoitzak bina kantu grabatu zituen, eta batak bestearenetan abestu zuen. Horrez gain, beste zenbait kantu grabatu ditu Anarik askoren artean egindako diskoetan: "Postariarena" (Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan, 1997), "Ilargi barruan" (Oztopo guztien gainetik Bonberenea, 2002) eta "Muga kanta" (Acuarela Songs, 2004).

Inoren Ero Ni eta Lisaböko jendearekin ondoren, Bidehuts diskoetxea sortu zuen, beren lanak argitaratzeko. 2008ko urtarrilean zuzeneko EPa argitaratu zuen. "Bilboko Kafe Antzokian" (2007), "Zebra" lana aurkezteko biraren barruan emandako kontzertuaren zati bat jasotzen du diskoak; bost kantuen artean, Dut taldearen "Haize eza" kantuaren bertsioa dago. Geroago etorri zen Irla izan laugarren diskoa (Bidehuts), 2009. urteko uztailean grabatu zuen aurreko diskoko musikariekin, eta udazkenean argitaratu zuen. Disko honetan kantuak batzen dituen kontzepturik ez dagoela nabarmendu zuen Anarik. Beñardo Goietxe (Morau, Mugaldekoak) eta Joaquin Pascual (Surfin' Bichos, Mercromina) gonbidatu zituen diskoan kolaboratzera. Zuzenekoetan, Mariano Hurtadok (Inoren Ero Ni) hartu zuen Jomesen tokia. 

2013ko otsailean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian jo zuen Anarik, eta handik gutxira Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Bi emanaldiok grabatu egin zituzten, eta bietatik hartutako kantuekin "Bidea eta denbora" (2013) diskoa argitaratu zuen. Halaber, Imanol Urbietaren omenezko diskoan, "Bakarrik eta libre" (2013), parte hartu zuen Anarik, "Gitarra bat" kantuaren moldaketa eginez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario