Araban eta Nafarroan, ikatza egiteko aitzinean erabiltzen ziren egur betak dira betagarriak. Eta, taldekideen esanetan, "kaña eman" ere esan nahi du. Horrekin lotuta, taldearen leloetako bat da "dantzan ere iraultza egitea". Hala, 1993an Miguel Angel Sanz (bateria), Pablo Rodriguez (baxua), Aitor Ruiz de Arbulo (gitarra), Gonzalo Zaldibar (gitarra), Iñaki Ortiz de Villalba (ahotsa), David Gabiña (saxofoia), Mikel Sanz (tronboia) eta Unai Lobo (tronpeta) Gasteizko La Nave Pirata entsegu lokalean L izeneko maketa prestatzen hasi ziren. Maketa horren 1.500 ale saldu zituzten gaztetxe eta tabernetan. Gerora, CDan berrargitaratu zuten. Bi urte eman zituzten kontzertuak egiten, eta 1997an Betagarri (Mil A Gritos) kaleratu zuten Soziedad Alkoholika taldeko kideek berriki sortutako diskoetxean. Euskaraz, galegoz, ingelesez eta italieraz abestuz mestizajea aldarrikatu eta ska, rock, rap, reggae, patxanga eta rantxerak nahastu zituzten. Korroskada eta Bizkar Hezurra taldeetan ibilitako Benjamin Villabella Triku izan zuten ekoizle, eta ordutik bederatzigarren taldekide bilakatu zen. Lan horri jarraitu zion Arren erro zaharra-k (Mil A Gritos, 1998), Eddy Rodriguez Quilley marrazkilariaren manga komiki batek ilustraturiko diskoa. Euskarazko kantuez gain, frantsesezko eta gaztelaniazko bina abesti grabatu zituzten. Horietako bat, Marcos komandanteorde zapatistaren hitzetan oinarritutako "El periodiquerito". Ohiko rock-ska aberatsari hip hopa eta ahots distortsionatuak erantsi zizkioten, eta Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja eta Luis Caminoren kolaborazioak izan zituzten, besteak beste. Disko horretako bateriak Hasier Oleagak grabatu zituen, eta urtebetez aritu zen taldearekin.
Diskoetxez aldaturik, 80/00 (Esan Ozenki, 1999) lanarekin arrakasta itzela lortu zuten. 80ko hamarkadako hogei euskal talderen kantuen bertsioez osatutako lanak 15.000 aletik gora saldu zituen. Ordurako, Euskal Herritik kanpo, Katalunian ere, oso harrera beroa jasotzen zuten. Hasier Oleagak taldea utzi eta Iker Uriartek hartu zituen makilak. Jarraian, Freaky festa (Esan Ozenki, 2000) kaleratu zuten. Bertsioak egitearekin asko ikasi zutela aitortu, eta oinarri erritmikoa sendotu egin zuten, eta rockari protagonismo handiagoa eman zioten. Horren ostean, Remix (Metak, 2001) lanean, aurreko diskoko bost kantu aukeratu eta ska, dance, funk eta dub ukitua eman zieten; gainera, artean argitaratu gabe zeuden bi kantu jaso zituzten: "Herriak du hitza" eta "Iraultzeko prest 01" Ikasle Abertzaleak gazte erakundearen 10. urteurreneko kantua. Esportatzeko modukoak ziren taldearen mezua, jarrera eta musika. Horregatik, atzerrian egiten zituzten kontzertuak biderkatzen joan ziren: Alemania eta Suitzara urtero joaten hasi ziren, esaterako.
Horren premian zeudelako, hurrengo lana Arnasa hartu (Metak, 2002) izan zen. Gitarrak eta aldarrikapen testuak areagotu egin zituzten, eta emaitza indartsuagoa eta rockeroagoa bilakatuz, ska eta reggaetik apur bat aldendu ziren. Luis Llachen "L´estaca" grabatu zuten, jatorrizko hizkuntzan. "Hasieran euskaraz egin genuen Gorka Knorren "Agure zaharra" AEKantuz bildumarako, baina Katalunian behartu gintuzten katalanez egitera". Katalunian zuten eta duten harrera itzelaren erakusle, Zuzenena (Metak, 2004) grabatu zuten Gironako Salt herriko La Mirona aretoan. Zuzeneko diskoarekin batera taldearen gaineko dokumental bat kaleratu zuten DVD formatuan. Horren aurretik, Gonzalo Zaldibarrek taldea utzi eta Aitor Agirrek hartu zuen gitarra. Europa ia alderik alde zeharkatzeaz gain, AEBetara eta Japoniara ere jo zuten, eta 2005ean Alemania, Austria eta Herbehereetarako Basque Fire bilduma argitaratu zuen Alemaniako Jaro diskoetxeak, gasteiztarren ibilbidearen laburpena.
Metaken desagertzearen ondorioz, Oihuka diskoetxera salto egin zuten, Hamaika gara kaleratzeko (2006). Disko hori egin aurretik, Josu Izagirrek Pablo Rodriguez ordezkatu zuen baxuan. Ska doinuez gain, rocka, funka, punka eta popa batu zituzten. Eta euskaraz gain, katalanez bi kantu eta gaztelaniazko bat grabatu zituzten. 2007ko erdialdean, Aitor Ruiz de Arbulok taldea utzi zuen, eta gainontzekoek erabaki zuten gitarra bakarrekin jarraitzea, ordezkorik gabe. Urte horretan, gainera, Hego Amerikan bira egin zuten. 2009an Korrika 16-ren kantua, "Ongi etorri lagun!", egin zuen Betagarrik, Jon Maia bertsolariak sortutako hitzak musikatuz, eta urte berean Bizitzari txistuka argitaratu zuen (Elkar). Dantza egiteko baino gehiago, kantatzeko diskoa dela azaldu du taldeak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario