"Hunkigintza" da Berri Txarrak taldearen egitekoa, Gorka Urbizuren (ahotsa eta gitarra) arabera. "Transmisioa da kantuaren funtsa. Oso zorrotzak gara horretan. Hezurdura instrumentaletik abiatzen garenez, hitzik gabe ere kantuak zerbait esan behar digu, barruan zerbait ukitu" (1). Berri Txarrak 1994an sortu zuten, Lekunberrin (Nafarroa), Gorka Urbizuk, Aitor Goikoetxeak (bateria), Mikel Lopez Rubio-k (baxua), eta Aitor Orejak (gitarra). Aurretik, Urbizu eta Goikoetxea Nahi Ta Nahiez taldean aritutakoak ziren, eta zenbait disko argitaratuak zituzten. 2004an, Orejak taldea utzi, eta hirukote bilakatu zen Berri Txarrak. 2008an, berriz, Rubiok utzi zuen taldea, eta David Gonzalez (PI.L.T. taldeko kide ohia) sartu zen, baxua jotzera. Azken taldekide aldaketa 2010ean gertatu zen: Galder Izagirrek (Dut, Kuraia) Aitor Goikoetxearen lekua hartu zuen. Goikoetxeak Sons of Woods slowcore taldea sortu zuen 2013n.
Merkaturatu ez zen maketa bat autoekoitzi, eta, sortzaile berrientzako hainbat sari lortu ostean, lehen diskoa 1997an argitaratu zuen taldeak, izen homonimoarekin. Javi San Martinek grabatu zuen, Espartzako (Nafarroa) Sonido XXI estudioan, eta Gor diskoetxeak argitaratu zuen, hurrengo disko guztiak bezala. "Lotsarik gabe", "500 urte ta gero" eta "Ardifitziala" abestiak berehala zabaldu ziren nonahi, eta Berri Txarrak taldeak oihartzuna izango zuela iragarri zuen lehen disko hark.
Rocka oinarri, popetik, metaletik, punketik nahiz hardcoretik edaten du taldeak. Bost diskorekin, Euskal Herri osoan bezala nazioartean ere ospea eskuratu du, eta Alemania, Ingalaterra, Danimarka, Mexiko, AEB, Nikaragua, Japonia eta beste hamaika herrialdetan izan dira biretan. Hala, gaur egun euskal musikan punta-puntako lekuan kokatu da, eta hemendik kanpo ere, rockaren panoraman erreferentzia garrantzitsu bihurtu da.
Horretarako bidea, batik bat, Ikasten diskoak (Gor, 1999) ezarri zuen. "Ikasten" bera, "Ikusi arte" eta "Ez" abestiak ezusteko edertzat hartu zituen jendeak, eta hamaika kontzertutara gonbidatu zuten taldea. Haritz Harreguy soinu teknikariaren laguntzarekin grabatu zuten, eta musikan nahiz hitzetan sentimenduak ziren nagusi kantuetan. Mezua badu Berri Txarrak taldeak, baina musika du kantuen oinarri, Urbizuren arabera: "Kantua egiterakoan nahiko musikala naiz, ondorenerako uzten dut letra. Zaila da gero bata eta bestea bereiztea, baina musikaren hezurdura egiten dut lehenik, eta hezurdura instrumentala amaitzean hasten naiz melodia eta letra sartzen. Musikak eramaten nau letra bakoitzera, eta ez alderantziz".
Bi urte geroago etorri zen Eskuak/Ukabilak diskoa (Gor, 2001). Andoaingo Garate estudioan grabatu eta ekoitzi zuten, Kaki Arkarazo teknikariarekin. "Oihu" (bideoklipa), "Stereo" eta batik bat "Biziraun" kantuei esker, Euskal Herriko mugak gainditu zituen taldeak, eta aurrerantzean serioski jorratuko zuen bide bat ireki zuen, hots, nazioartekoa. Eta bide horri jarraiki, Libre© diskoarekin (Gor, 2003) Europan barrena lehen bira egin zuten, 2003. urtean. Taldeak berak bere diskorik "hardcoreena" dela dioen horrekin, bada, Ingalaterrara, Danimarkara eta Alemaniara joan zen Berri Txarrak. Disko horretan kolaborazio berezi bat izan zuen taldeak, Rise Against AEBetako taldeko Tim McIrath abeslariak parte hartu baitzuen "Denak ez du balio" abestian.
Biraren ondoren, Aitor Orejak taldea utzi zuen, eta, ordezko bat hartzeko aukera aztertu eta baztertu ostean, hirukote gisa jarraitzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Jaio.Musika.Hil bosgarren diskoa (Gor, 2005). Diskotik diskora entzuleari beste zerbait eskaini nahi dio taldeak, eta, horretarako, AEBetara joan zen taldea nahasketak egitera. "Entzuleak kontuan hartzen ditugu, baina gehienetan zirikatzeko, ez euren gustuak betetzeko. Diskotik diskora entzulea zerbait berria entzutera bultzatzen saiatzen gara. Eskatzen dutena ez, beste zerbait eskaintzen diegu. Bide horretatik, musikariak entzulearen aurretik joan behar duela iruditzen zait; musikariak entzulearengan eragin behar du, eta ez alderantziz". Diskoa Erasoko (Nafarroa) baserri batean grabatu zuten, Karlos Osinaga musikari eta teknikoarekin (Lisabö), eta, horren ostean, Ed Rose ekoizlearen (Kurt Cobain, The Get Up Kids eta Motion City Soundtrack taldeekin lan egindakoa) esku utzi zituzten nahasketak. Handik zuzenean Nikaraguan eta Mexikon barrena bira bat egin zuten, eta gero Asian eta Europan jarraitu zuten.
Azken bi urteetan izandako esperientzia Zertarako amestu rock-dokumentalean (Gor, 2007) jaso zuten. Jaio.Musika.Hil diskoa sortzeko prozesua, grabazioa eta ondoren Amerikan, Asian eta Europan zehar egindako bira jasotzen ditu Ibon Totorika-k zuzendutako 68 minutuko dokumental horrek, baina baita taldearen sentsazioak eta gogo aldartea ere. Zertarako amestu Tour 2008 bira amaitu zutenean, Rubiok taldea utzi zuen eta David Gonzalez (PI.L.T., Cobra) sartu zen haren lekuan.
Gor diskoetxearekin argitaraturiko bost diskoez gain, Berri Txarrak taldeak hainbat bildumatan hartu du parte: Nafarroa, hitza dantzan (Gor, 2001), Nafarroa, tierra de rock / Rock Lurraldea, Tributo a Judas Priest (Zero Records, 2000)... "Bisai berriak" kantua (bideoklipa) egin zuen 2002an Elorrion (Bizkaia) izan zen Gazte Topagunerako, eta Kop taldearen Nostrat diskoan parte hartu zuen, "Sols el poble salva el poble" kantuarekin.
Euskal Herriko egungo rock talderik garrantzitsuenetakoa den honek une ederrekin batera gaziak ere bizi izan ditu, zentsuraren ondorioz. Batik bat Madrilen jotzeko zailtasunak izan ditu. Zentsura kasu nabarmenetako bat 2006ko abenduan pairatu zuen Lekunberriko taldeak, Contra la intolerancia y por la libertad de expresión (Intolerantziaren aurka eta adierazpen askatasunaren alde) rock jaialdian parte hartzea galarazi baitzioten, prezeski. Eurek eta lehenago Soziedad Alkoholikak, Su Ta Garrek eta Fermin Muguruzak jasandako zentsura kanpaina globalago baten barruan sartzen du Urbizuk: "Euskal musikariok jasandako zentsura euskal munduari egiten zaion beste zentsura handiago baten atal moduan ulertu beharra dago". Baina ez diote zentsuratzaileei publizitaterik egin nahi izan: "Jazarpen hau planifikatu dutenek ez dute gure hitz erdirik ere merezi, eta horrexegatik, guk geurea egiten jarraituko dugu, datorrena datorrela, autozentsurarik gabe".
Seigarren diskoa 2009ko apirilean grabatu zuen Berri Txarrak-ek Chicagon (AEB), Steve Albini soinu teknikari ezagunarekin. Payola izeneko lana irailean argitaratu zuen Madrilgo Roadrunners Records diskoetxeak. Disko horretako "Folklore" kantua Independent Music Awards sarietarako hautagai izan zen, punk kanturik onenaren atalean.
2010eko abuztuan Aitor Goikoetxeak taldea utzi zuen (hona hemen agur-komunikatua) eta haren lekua Galder Izagirrek (Dut, Kuraia) hartu zuen. Hilabete batzuk geroago, Denak ez du balio (Gor, 2010) argitaratu zuen taldeak, zaleek bozketa bidez aukeratutako kantuen bilduma.
Hirukoteak 2011ko Herri Urrats jaiaren kantua sortu zuen, "Laku bat munduan", Sustrai Colina bertsolariaren hitzekin. Halaber, 2011ko otsaila eta martxoan bira egin zuen Amerikan zehar, Brasil, Argentina, Uruguai, Mexiko eta Kanadan joz, besteak beste. Abuztuan amaitu zuen Payola aurkezteko bira, eta jarraian AEBetara abiatu zen disko berria grabatzera. Berriz ere izen handiko soinu teknikari eta ekoizle bat aukeratu zuten: Ross Robinson (Sepultura, Korn, The Cure...). Haren Veniceko (Kalifornia) estudioan grabatu zuten bi hilabetez Haria (Kaiowas Records, 2011), taldearen zazpigarren diskoa. "Albo-Kalteak" izan zen lan horretatik ateratako lehen singlea (bideoklipa). Diskoak harrera itzela izan zuen, hala zaleen aldetik nola aldizkari espezializatuetan, eta berau aurkezteko kontzertu gehienetan sarrera guztiak saldu zituzten: Bilbon eta Donostian bina kontzertu eman zituen, zaleen eskaera asetu ahal izateko, eta Madrilen, Bartzelonan, Londresen, Zaragozan, Parisen... ere aritu zen.
Hirukotea AEBetara itzuliko da 2014ko apirilean, kontzertuak eskaintzeko San Francisco, Merced, Chico, Eugene, Seattle, Portland eta New York hirietan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario