martes, 31 de diciembre de 2013

S/N


EH SUKARRA / MIKEL GOROSABEL



Mikel Gorosabel Norton (Eibar, Gipuzkoa, 1967; ahotsa eta gitarra), Facundo Amador (bateria) eta Cesar Tejada (baxua) izan ziren EH Sukarrako lehen taldekideak, eta aurreneko kontzertua 1990eko uztailean eman zuten Soraluzeko gaztetxean (Gipuzkoa). Su Ta Gar taldearengandik oso gertu egin zituen lehen urratsak EH Sukarrak, bi taldeak Eibarrekoak eta bi kantariak, Aitor eta Mikel, anaiak izanik. 1991n grabatu zuten lehen maketa. Ordurako Marc Remmy March alemaniarra (gitarra) laugarren taldekidea zen. March estudio kooperatiba bateko kidea zen Berlinen, eta haren bidez, Jelly Recordsen egin zuen EH Sukarrak lehen grabaketa, Su Ta Garreko kideak koruetan kolaboratzaile izan zituztelarik. Alemanian grabaturiko lan hark Euskadi Gazteko lehen maketa lehiaketa irabazi zuen, eta horrek ate asko ireki zizkion taldeari. Tartean, Esan Ozenki diskoetxe sortu berriarekin lehen diskoa ateratzeko aukera: 1992an atera zuten taldearen izen bera daraman lana. "Kasko gorriak", "Argi ibili", "E.H. Sukarra" eta beste hainbat kantu indartsu sartu ziren irratietan, eta taberna eta txosnetara zabaldu ziren berehala. Halaber, Itoiz taldearen "Lau teilatu" kantu ezagunaren moldaketa rockeroa nabarmendu zen diskoan. Hurrengo urtean, Irtenbide bakarra (Esan Ozenki, 1993) argitaratu zuten. Kantu gogorragoak, biribilagoak eta landuagoak ekarri zituen disko honek, eta oroz gain, taldeak bizitzarekiko zuen jarrera agertu zuen: "Martxa, dibertsioa, salaketa eta musika azkarra dira guk egiten duguna", zioen Nortonek. Rebel rock etiketarekin deskribatzen zuten beraiek egiten zutena: "Rock and rolla eta borroka da. Jotzea, dibertitzea, salatzea... bizi filosofia bat ere izan daiteke". Irtenbide bakarra grabatzeaz amaitu eta berehala Europan barrena bira egin zuten Su Ta Garrekin batera, More Volumen Tour izenekoa. Italian, Austrian eta Alemanian izan ziren.

Hirugarren diskoa egiteko lan ildoa apur bat aldatu zuten. Aurrekoetan hitzak azkenerako uzten zituzten, baina hirugarrenetik aurrera hitzei bestelako garrantzia ematen hasi ziren. Hala, aurrerantzean ia taldeko beste bat bihurtuko zen Asier Serrano idazlea, hitzen egilea. Garaien laberintoan diskoan (Esan Ozenki, 1994), Asier Olabarrieta Olaba-k jo zuen gitarra; aurrez, hainbat kontzertutan, Marchen lekua hartua zuen, eta disko honetatik aurrera taldeko kide bihurtu zen. Ostera ere, Europan barrena aurkeztu zuten diskoa. 1996an lehen disko kontzeptuala egin zuen EH Sukarrak, Ura sutan (iraganaren ispilua urratuz) (Esan Ozenki), Asier Serranoren hitzetatik abiaturik. Hurrengoa,  Sua urtzean izango zen (Esan Ozenki, 1999). "Gutun baten formatoa dauka diskoak. Egoerari errepasoa egin, eta gauzak zergatik gertatu diren ikusi dugu aurrera egiteko. Poztasunez azaldu ditugu sentimenduak, negar egin gabe", aurkeztu zuen Serranok diskoa (4). Rock and roll inguruko doinu melodikoez gain, rock gogorreko ukituak eta haize tresnez jantzitako ska doinuak ekarri zituen diskoak. Betagarri taldekoen laguntza izan zuten haize instrumentuen atalean.

Galtzailearen egunak (Metak, 2002) diskoak bezala, Sua urtzean-ek CD-ROM interaktibo bat zuen, taldeari buruzko informazio, argazki eta animazioko bideoekin. Disko horrekin abiapuntura itzuli zen EH Sukarra, estilo aldetik, bederen. "Ustezko garaileengandik baino gehiago" galtzaileengandik ikas zitekeela aldarrikatzen zuen EH Sukarrak disko horretan. Hainbat urte geroago, EH Sukarra zuzenean (Barne Records, 2008) diskoa argitaratu zuen hirukoteak. Taldearen ibilbide osoa laburbiltzen duten 21 abestiz osaturiko diskoa 2007ko maiatzaren 11n grabatu zuten Durangoko Plateruena kafe antzokian. Disko honen aurkezpen lanak egiteko, ostera ere, eta aspaldiko partez, Berlindik barrena bira bat egin zuen taldeak 2008ko udaberrian.

Ondoren, berriz, geldialdia etorri zen, eta aldaketak taldean. Facundo Amadorrek eta Cesar Tejadak taldea utzi zuten, baina Mikel Gorosabelek eutsi egin zion taldeari, eta Mikel Artieda baxu jotzailearekin (M-ak, Tapia eta Leturia Band, Joseba Irazoki & Belardian...) eta Heloy Galan bateria jotzailearekin (Ekon, Brutal Melody, Fly Shit, Governors) Uhinak (Oihuka, 2013) grabatu zuen, EH Sukarraren estudioko zazpigarren diskoa. Ohi bezala, Asier Serranok sortu zituen disko horretako kantu guztien hitzak. Zuzenekoetan, Loiola Maderak ordezkatu zuen Heloy Galan.

EHUN KILO


Euskal heavyaren sorreran Su ta Gar taldearekin batera aipatu behar den taldea da Ehun Kilo. Taldekideak 1991n batu ziren, Elgoibarren (Gipuzkoa), eta bi disko argitaratu zituzten: Euli artean (Oihuka, 1994) eta Esaiek... (Oihuka, 1995). Rock gogorra beren izaera propioarekin jorratzen saiatu ziren. Taldekideak 1997ko urrian banandu ziren, Elgoibarko gaztetxean azken kontzertua eman ostean.

90eko hamarkadaren erdialdean euskaraz abesturiko heavy metalak lehendabiziko urrezko garaia bizi zuen. Su Ta Gar talde aitzindariaren ildo beretik, Ehun Kilo boskoteak garai hartan ekin zion ibilbideari, Eibartik gertu, Elgoibarren. Musikan lehenago hasi baziren ere, Jon Zabala (ahotsa), Jon Iturrino (gitarra), Jabi Bergara (gitarra), Kristian Etxabe (baxua) eta Kamilo Fernandez (bateria) musikariek, zehazki, 1991n sortu zuten Ehun Kilo. Urtebete geroago, bost kideek lehen maketa grabatu zuten, Amasako (Gipuzkoa) IZ estudioan. Lau kantu ("Sasoian", "Ezingo dut", "Ehun kilo", "Mendekua") eta azal adierazgarri bat zituen lehen kaseteak, eta harrera polita izan zuen heavy zaleen artean. Urte haietan Gipuzkoako barnealdean heavy musikak jarraitzaile asko irabazi zituen punk zaleen artetik.

Era berean, Ehun Kiloren oihartzuna zabalduz joan zen, eta, halako batean, Oihuka diskoetxearekin ados jarri ziren lehen diskoa kaleratzeko. 1993ko urrian Donostiako Elkar estudioan sartu eta, Jean Phocas teknikariarekin batera, Euli artean (Oihuka, 1993) estreinako diskoa grabatu zuten. Maketatik "Mendekua" kantua berreskuratu zuten eta beste 11rekin bildu zuten. Bitxikeria gisa, "Tango feroz" aipatu behar da. Gaztelaniaz abesturiko bakarra da eta, izenak dioen bezala, tangoa eta heavya uztartzen ditu. Kantu horretan Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko gitarrista eta abeslariak parte hartu zuen, pianoa joz. Behin aurreneko diskoa aterata, Elgoibarko boskoteak kontzertu asko emateko aukera izan zuen hurrengo bi urteetan.

1995ean agertoki gainetik estudiorako bidea hartu zuten beste behin ere, bigarren diskoa grabatzeko. Elkar estudioetako esperientzia errepikatu zuten, baina orduan Carlos Balseiroren gidaritzapean. Taldearen kontzertuetako teknikaria zen Balseiro. Esaiek... diskoan (Oihuka, 1995) 12 kantu bildu zituzten, Ehun Kilok berezkoa zuen heavy kutsukoak denak. Nolanahi ere, lan horretan ere ohiko estilotik ateratzen den kantu bat topa daiteke, era akustikoan emana: "Zu zaitut zazpien artean". Bistakoa da gipuzkoarrek heavyarekin batera esperimentatzea ere atsegin zutela. Halaxe egin zuten diskoaren azalarekin ere, nahiko ezohikoa rock gogorra jorratzen duten taldeen artean.

Lan berria ateratzearekin batera, Ehun Kilok makina bat emanaldi egin zuen hurrengo bi urteetan. Euskal Herriko txoko askotan jo zuten eta zale kopurua egonkortu zuten. Hala eta guztiz ere, 1997ko urriaren 11n taldeak azken kontzertua eman zuen, Elgoibarko gaztetxean, etxean. Bertan, errepaso ederra eman zioten taldearen kantu zerrendari, eta jende asko bildu zen bertan euskarazko heavy metala bultzatu zuen talde honi agur esateko. Geroztik, taldeko hainbatek musika utzia dute, baina beste batzuk egitasmo berrietan agertu dira. Jon Iturrino gitarrista Lau Mono taldean aritu zen eta Beidau diskoa (Tx Diskak) atera zuen. 2005ean, berriz, Hira taldean sartu eta (sic). diskoan (EDG Music) parte hartu zuen.

EIZEN


EKON



Joera berriak sortuz bat, 90eko hamarkadaren erdialdean metal doinu modernoak hedatu ziren mundu zabalean. Nu-metal musikaren modak sekulako oihartzuna izan zuen. Euskal Herrian, nazioarteko joera hori euskarazko musikara ekartzen lehenengoa Arrasateko (Gipuzkoa) Ekon taldea izan zen. Musika estilo ezberdinetan ibilitako hainbat musikarik osatu zuten taldea, eta, hardcore melodikoa, metal berria eta ukitu industrialak nahastuta, lehenengo erreferentzia modernoa izan ziren euskarazko metal musikan. Ibilbidean aldaketa asko izan arren, beti talde jendetsua izan zen. Denera, hiru disko argitaratu zituen eta 2003an banandu zen. 2009an berriz elkartu zen taldea, kontzertu batzuk eskaintzeko, eta 2010eko urtarrilean esan zuen agur behin-betiko.

Ekon 1994an sortu zen. Urte hartako udaberrian, Juan Corral, Juan Sangre goitizenez ezaguna (bateria), eta Xabi Rey (gitarra) talde ezagunen bertsioak jotzen eta abesti instrumental propioak sortzen hasi ziren, Arrasateko beste bi gazterekin batera. Handik gutxira, Ekon izena jarri zioten proiektuari. Aurretik, Brutal Melody taldean aritutakoa zen Juan Sangre. Hasiera hartan, zortzi pistako mahai bat ezagutzeko aukera izan zuten, lokal berean entseatzen zuten Undrop taldeari esker -Pepsi edariaren iragarki batekin arrakasta izan zuen talde horrek-. Mahai horrekin lehenengo probak egin zituzten. Urte eta erdi pasatu ondoren, Aramaioko Amatxon heavy taldean ibilitako Yago Goronaeta gitarrista sartu zen taldean, aurrez zegoena ordezkatzeko. Makina bat entsegu egin ondoren, Iban Gonzalezekin egin zuten topo, Iskanbila (punk oi!) eta Mad Shadow (hardcore melodikoa) taldeetan ibilitako abeslariarekin, eta laurok Arrasateko Shot! estudioan lau abestiz osaturiko maketa grabatu zuten lehiaketa batera aurkezteko. Taldera azkena batzen Iñigo Bakero izan zen, hamar urtez Heriotza punk-rock taldean ibilitako baxu jotzailea, 1996an.

Taldea finkatuta, abesti berriak prestatzen hasi eta hainbat kontzertu eman zituzten. Berehala, ordea, bost abestiz osaturiko bigarren maketa prestatu zuten diskoetxeetara bidaltzeko. Era berean, Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketan finalerdietara sartu ziren. Maketa berriak zigilu batzuen interesa piztu zuen, eta, Oihuka diskoetxearekin ados jartzeko zorian izan baziren ere, azken orduko adostasun faltagatik Mil a Gritos zigilu sortu berriarekin sinatu zuten. Grabazioa Carlos Creatorren estudioan egin zuten eta Zurrunbilo kaotikoa izenburuarekin (Mil a Gritos, 1997) argitaratu zuten. Diskoan Sorkun Rubio (Kashbad) eta Joana Star (ondoren kontzertuetan ere parte hartu zuena) abeslarien kolaborazioak izan zituzten, besteak beste. Lanak erantzun ona izan zuen gurean zein Espainian, eta Valencia Sona musika lehiaketako finalera iritsi ziren, Herrialde Katalanetan. Gero, urte eta erdiko aurkezpen bira arrakastatsua egin zuen taldeak. Arrasatekoen zuzenekoak ezusteko ugari eskaintzen zituen, emanaldietan piroteknia, disko jartzaileak eta grafitilariak tartekatzen zituztelako. Gainera, musikari gehiagoren laguntza izaten zuten taula gainean, tartean Ion Encina Ioni abeslaria.

1998. urte amaieran bigarren diskoa prestatzen hasi ziren, eta urtebete geroago Donostiako Elkar estudioan sartu ziren grabatzera. Soziedad Alkoholika taldeko Jimmy arduratu zen ekoizpenaz. Aldi berean, lan berri horri begira taldean zenbait aldaketa egin zituzten. Joanak taldea utzi, eta Ines Osinaga (Gose) eta Naiara Okina arduratu ziren emakume ahotsez. Ioni ere taldekide finko izatera pasa zen. Etnia 2000 bigarren diskoak ere (Mil a Gritos, 1999) erantzun ona izan zuen, baina bira laburragoa egin zuen taldeak. Hura bukatzean, Iban abeslariak taldea utzi zuen lan kontuengatik, eta, hura ordezkatzeko zenbait abeslarirekin proba egin ondoren, Juan Sangrek bateria utzi zuen eta taldeko kantari bihurtu. Bateriaren hutsunea betetzeko Heloy Galan (Brutal Melody, Fly Shit) sartu zen taldean. Ekon goitik behera aldatu ondoren, zenbait kontzertu eman zituzten talde berria finkatzeko, eta handik gutxira hirugarren diskoa prestatzen hasi ziren.

Berriz ere Jimmyren ekoizpenarekin, Salatzen dut (Gor, 2002) grabatu zuten, Azkarateko Katarain estudioan. Aurreko lanekin bezala, bira luze bat egin zuten Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan. Alabaina, taldekideak beste musika proiektuetan murgiltzearekin batera, 2003ko urrian Ekonek azken zuzenekoa eskaini zuen Arrasaten. Gero, Juan Sangrek Fjord sortu zuen, Etsaiak eta Su Ta Gar taldeetan aritutako musikariekin (Keu Agirretxea, Mikel Arakistain eta Iban Zugarramurdi), eta gaur egun Governors taldean ari da. Iñigo Bakerok eta Yago Goronaetak Cool Circus rock&roll taldean jotzen dute. Hala ere, agertokietara itzultzeko asmoa agertu zuen taldeak 2009ko urtarrilean.  Zirikatzen jarraituz 9002 bira Bilboko Kafe Antzokian abiatu zuen, maiatzaren 14ean. Juan Sangre, Yago Goronaeta, Iñigo Bakero, Xabi Rey, Heloy Galan, Ion Encina eta Libe Garcia de Cortazar (Neubat, Sorkun) izan ziren Ekon-eko kideak bigarren garai honetan. 2010eko urtarrilaren 16an azken kontzertua eman zuten Durangon, behin betiko desegin aurretik.

EL KONDE RATA

"Tradiciones y lujurias"

EL PORTAL DE JADE