sábado, 21 de diciembre de 2013
LIN TON TAUN
Zestoako (Gipuzkoa) seikotea lehena izan zen euskaraz trikia eta rocka nahasten. Horrekin lortu zuen 90eko hamarkadako talderik arrakastatsuenetakoa izatea. Gerora, bestelako rock moldeetara eboluzionatzen joan zen, trikia eta rap-a alboratuta; horren erakusle dira kaleratutako lau diskoetatik azkeneko biak. Taldeak zeresan handia eman zuen, besteak beste, Espainiako Dro diskoetxearekin diskoak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan kaleratzeko egindako kontratuarengatik. 2013n berriz elkartu eta eszenatokietara itzuli zen.
1992. urtean, Eneko Iribar (bateria), Jon Rezabal Munatxo (panderoa eta ahotsa), Bitor Tena Bitti (baxua), Apolinar Etxeberria Apolio (gitarra), Raul Olaizola (gitarra) eta Joseba Illarramendi (soinua eta ahotsa) entseatzen hasi ziren Zestoan, beren herrian. Munatxo eta Joseba kantuen melodiak egiten hasi, eta herriko jaietan eta gaztetxean bizpahiru kontzertu ematera ausartu ziren. Jendeak ondo hartu zituen, eta 1992ko urrian, IZ estudiora jo zuten, maketa grabatzera. Fermin Muguruzak taldearen berri izan zuen, eta estudioan azaldu zen grabatutakoa entzutera. Handik gutxira, Errenteriako (Gipuzkoa) Cine Reyna tabernan ikusi zuen taldea zuzenean, eta Saran (Lapurdi), Herri Urrats jaiaren bezperan, Negu Gorriak taldearekin jotzera gonbidatu zuen. Taldeak zuzenean erakusten zuen indarrak eta dinamismoak gogobeterik utzi zuen Muguruza -1993an 28 bat kontzertu egin zituzten, batez ere Gipuzkoan-, eta berehala proposatu zien diskoa kaleratzea, Esan Ozenki diskoetxearekin. LTT (Esan Ozenki, 1993) hamar kantuk osatu zuten; horietako bost maketan jasota zeuden, eta Imanol kantariaren "Mendian gora" kantu ezagunaren rap moldaketa nabarmendu zen, "Askatasun egarriz" eta "Zu gabe" kantuekin batera.
Diskoak oso harrera ona izan zuen. Soinu txikiak protagonismo handia hartzen du, kantu biziak dira, erritmo handikoak, baxu funky eta gitarra gogor samarrekin, ia heavyak batzuetan. Hitzak zuzenak eta gogorrak dira: euskararen eta herriaren alde, etsaiaren kontra... Kontzertuetan indarra eta dinamismo handia erakusten zuen taldeak.
Estreinako diskoaren arrakastak bultzatuta, berehala heldu zen bigarrena, Nola esan dek? (Esan Ozenki, 1994). Lehenengo lanaren jarraipen naturala izan zen, baina sumatu zen instrumentuak hobeto jotzen zituztela, eta soinu sendoagoa lortu zuten. Trikiak protagonismo handia zuen oraindik, baina gitarra gogorrak eta rap erritmoak areagotu zituzten. Hitzetan kritika ("Larrosaren kiratsa") eta sentimenduak ("Kea") uztartu zituzten. Bi diskoen artean jotzeari uzteko betarik ez zuten hartu, eta 1995ean, esaterako, Logroñoko (Espainia) Actual jaialdian eta Parisen Esan Ozenkik antolatutako 5. urtemugako jaian aritu ziren. Oso nekatu ziren, eta atseden luze bat hartzea erabaki zuten. Baina 1996ko irailean, bat-batean, Lin Ton Taun albiste bihurtu zen berriro: Esan Ozenki utzi eta Espainiako Warner-Dro multinazionalarekin kontratua sinatu zuten. Bost disko egitea hitzartu zuten, eta lan bakoitzaren jatorrizko bertsioa euskaraz egin arren, horren ostean gaztelaniazko bertsioa ere merkaturatuko zuten. Erabaki hori hartzeagatik hainbat kritika jaso zituzten. «Guk ez diogu ezeri uko egin, ez dugu traiziorik egin, euskaraz bizi eta sentitzen dugulako, gure aberria Euskal Herria da... Baina kanpora begira beste zerbait pentsatu beharra dago, bai musikariok, bai zinemagileok, bai idazleek. Gure kasua idazleenarekin pareka daiteke, liburua euskaraz idazten dute, eta gero gaztelaniara itzultzen da», azaldu zuten.
Eztabaidak alde batera utzita, Baneki argitaratu zuten (Dro, 1997), lehenengo euskaraz, eta gero gaztelaniaz. Amasako IZ estudioan grabatu zuten, eta Sergio Marcos izan zen ekoizlea, aurretik, besteak beste, Def Con Dos talde espainiarrarekin lan egindakoa. Nahasketak Madrilen egin zituzten. Izenburuan, munduaren egoera ikusita, gizakiaren norabidearen gaineko hausnarketa egin zuten. Trikiak protagonismoa galdu, eta teklatua agertu zen. Bestalde, abesteko era melodikoagoa bazen ere, gitarra gogorrak, funky ukituak eta rap-a ez zituzten baztertu. Pako Aristi idazlea alboan izan zuten "Goibelaldi" eta "Revolver" kantuen hitzak idazteko, eta baita itzulpenak egiteko ere. Bilboko Kafe Antzokian, Azkoitiko Matadeixen eta Aizoaingo (Nafarroa) Artsaia aretoan aurkezpenak egiteaz gain, Narco eta Ktulu taldeekin batera Ultimatum a la tierra biran esku hartu zuten. Hala ere, hainbat arrazoi zirela medio, lehen baino askoz kontzertu gutxiago egin zituzten.
Halako batean, 2000an Joseba Illarramendi abeslari eta soinu jotzaileak taldea utzi zuen, eta Munatxok ordezkatu zuen. Gero Micro kaleratu zuten (Dro, 2000). Ordurako ia bi urte ziren kontzerturik eman ez zutela, eta kantuak sortzean konturatu ziren beste ildo bat lantzen hasiak zirela. Triki-rock haien marka desagertu, eta melodietan sakondu zuten, Baneki-n ageri ziren hari moldaketak areagotu zituzten eta ukitu elektronikoak eta programazioak lantzen hasi ziren. Taldekideek berek onartu zuten ordura arte egindakoarekin antzik ez zuela, baina bestelako musika entzuten ari zirela. Hitzak ere abstraktuagoak ziren, ez hain zuzenak. Baina taldeak ez zuen luzaroan iraun. Hiru taldekidek (Josebak, Raulek eta Bitorrek) Karelean taldea osatu zuten urte batzuk geroago, eta 56. gelatik diskoa kaleratu zuten (Gaztelupeko Hotsak, 2008). Taldea berriz elkartu zen 2013. urtean, Zestoako Patanafest jaialdian parte hartzeko. Ekainaren 8an eman zuen itzulerako lehen kontzertua.
LISABO
Lisabö 1998an sortu zen, Irunen (Gipuzkoa). Tentsio eta energia eztandak, emozioa eta erraietatik ateratzen den ahotsa dira, bi bateriaren erabilerarekin batera, taldearen soinuaren ezaugarri nagusiak. Dut taldeak hasi zuena beste dimentsio batera eraman du, eta post-hardcore estiloa publiko euskaldunaren artean normalizatu du. Halere, taldeak taula gainean lortzen du besteetatik nabarmentzea, abestiak sentsazio bereziz zipriztinduz.
1998. urtearen hasieran sortu zen Lisabö, eta urte bereko uztailean eman zuen lehen kontzertua, Kataluniako Aina taldearekin. Hasiera hartan, Karlos Osinaga (baxua eta ahotsa; Zorrotz eta Kashbad taldeetan aritutakoa), Imanol Oiarzabal (gitarra eta ahotsa; Zorrotz eta Illusions taldeetako kide ohia), Javi Manterola (gitarra eta ahotsa) eta Ivan Zabalegi (bateria; Donut taldean ibilitakoa) ziren taldeko kideak. Hurrengo urtean beren lehen maketa grabatu zuten, eta taldea bera arduratu zen grabazioaz, diseinuaz eta banaketaz.
Handik gutxira, Imanol Oiarzabalek taldea utzi zuen, eta hirukote moduan jarraitu zuten. 1999ko urrian, Fugazi taldeak Bergarako (Gipuzkoa) Jam aretoan eskaini zuen kontzertua hasteko aukera izan zuten, eta taldekideentzat une hunkigarrienetako bat izan zen hura. Aurrerago, Portobello Bones eta Sleepers taldeekin ere aritu ziren zuzenean, baina taldea ez zen erabat finkatu Aida Torres bateria jotzailearekin laukotea osatu arte. Bi bateriarekin jotzeko ideia modu naturalean sortu zen, entsegu lokalean bi bateria zeudela aprobetxatuz probatzen hasi baitziren.
Fermin Muguruzaren bitartez, Esan Ozenki diskoetxeak lehen diskoa grabatzea proposatu zien. Ezarian (Esan Ozenki, 2000) Fugazi, Shellac eta Slint taldeen eraginpean osaturiko lana izan zen, diseinu erakargarriz aurkeztua. Taldearen ezaugarri garrantzitsuenetakoa agerian gelditzen da disko horretan: tentsio eta intentsitatez gainezka dauden kantuak sortzeko gaitasuna, Karlos Osinagak erraietatik abesteko duen erak areagotua. Bi bateriek soinu berezia eta zuzenekoetan presentzia izugarria ematen diote taldeari, talde gisa konpenetrazioa handituz. Diskoak oso harrera ona izan zuen zenbait musika aldizkaritan (Mondosonoro, Rockdelux), urte hartan Espainiako Estatuan kaleratutako onenen artean aukeratu baitzuten. Halaber, Anari, Lisabö eta Dut taldeek egindako bira urteko onena izan zen, azken aldizkari horren arabera
Bi urte geroago, Egun bat nonahi (Acuarela, 2002) kaleratu zuten, hiru abestiz osaturiko EPa. Taldea Aida Torresek, Karlos Osinagak, Maite Arroitajauregik (biolontxeloa; Mursego), Ivan Zabalegik, Martxel Mariskalek (Beti Mugan taldean aritutakoa, eta hitzen egilea) eta Javi Manterolak osatu zuten. Donostiako Plaza jaialdiaren enkarguz prestatutako ikuskizun baterako sortutako musikaren zati bat jaso zuen taldeak lan horretan. Handik gutxira, Javi Manterolak taldea utzi zuen, eta Amodio izeneko proiektua sortu zuen, Aurelien Rotoreau belgikarrarekin batera. Gitarrak eta sanplerrak erabiliz, ia guztiz instrumentala zen disko bat grabatu zuten, Amodio Vol. 1 (Metak-Pil Pil Sessions, 2004).
Bitartean, Lisabö isilaldi luze batean murgildu zen. Azken emanaldia Kashbad taldearen agurreko biran eman zuen. Manterolak taldea utzi eta gero, Lisabören etorkizuna ez zegoen garbi. Hala ere, bi taldekide berri zituela, Ion Yugeros (baxua) eta Eneko Aranzasti (gitarra), 2005. urtean itzuli zen, beste lan batekin: Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak (Metak-Pil Pil Sessions). Desioaren gaineko disko kontzeptual horretan -hitz gehienak Martxel Mariskalek egin zituen-, gustuko zituen hainbat talde eta abeslarirekin lan egin zuen Irungo boskoteak: Experience, Akauzazte, Manta Ray, Anari, Xabi Erkizia, Kahrlo Desastre... Baina zuzenekora eramateko zailtasunak zirela medio, taldeak ez zuen diskoa aurkezteko emanaldirik eskaini. Tarte horretan, berriz, Mikel Laboaren Xoriak 17 diskoan (Elkar, 2005) parte hartu zuen, Orduan kantuan hain zuzen.
Lau urtez kontzerturik eman gabe igaro ostean, 2006ko abenduan itzuli ziren zuzenekoetara, Durangoko Plateruena kafe antzokian, berriz ere Javi Manterola taldean zelarik. Haatik, Aida Torresek taldea utzi behar izan zuen, osasun arazoak zirela medio. Orduan, Eneko Aranzasti jarri zen baterian. Bi hilabete geroago, Ezlekuak (Bidehuts, 2007) kaleratu zuten. Metak diskoetxea itxi ostean Lisabök berak, Anari, Hotel eta Inoren Ero Ni taldeekin sortutako Bidehuts plataformaren lehenengo ekoizpena izan zen Ezlekuak. Creative Commons lizentziapean argitaratu zuten, CD eta binilo formatuetan. Aurrekoetan bezala, Karlos Osinaga arduratu zen grabazioaren arlo teknikoaz, eta kantuen hitz guztiak Martxel Mariskalek egin zituen. Berriz ere oso kritika onak jaso zituen Lisabören lan berriak: Entzun! aldizkariko erredaktoreek 2007ko diskorik onena aukeratu zuten Ezlekuak; Bartzelonako Rockdelux aldizkariak Espainiako Estatuan kaleratutako urteko diskorik onenetan bigarrena zela iritzi zion, eta haien zuzenekoa urteko onena.
Bartzelonako Primavera Sound jaialdian, Madrilen eta Sevillan aurkeztu zuten diskoa, Euskal Herriko hainbat lekutan ez ezik. 2008ko abenduan agurtu zuten Ezlekuak diskoko bira, Irungo Tunk aretoan. Aldi berean, Inoren Ero Ni taldearekin partekaturiko single bat kaleratu zuen, "Denboraren artaziak" kantuarekin. Hilabete batzuk geroago, Ion Yugerosek taldea utzi zuen eta 2010eko martxoan Xabier Zabala kide berria hasi zen taldearekin entseatzen.
Taldearen hurrengo diskoa 2011. urtearen amaieran heldu zen. Animalia lotsatuen putzua-k (Bidehuts) sei kantu biltzen ditu, eta taldearen orain arteko diskorik muturrekoena da, bost musikariek zuzenean "disfrutatzeko" egina. Berriz ere Martxel Mariskalek sortu zituen kantuen hitzak. Diskoak kritika ezin hobeak jaso zituen kaleratu orduko musika aldizkari espezializatuetan eta hainbat blogetan. Rockdelux aldizkariak urteko diskorik onena aukeratu zuen Espainiako Estatuan egindakoen artean.
Durangoko Liburu eta Disko Azoka-ren barruan kontzertu bat eskaini ostean, 2012ko otsailean hasi zen Lisabö diskoa zuzenean aurkezten, Gasteizen, Donostian, Tolosan, Pontevedran (Galizia) eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian, besteak beste. Kontzertuotan seikote gisa aritu zen Lisabö, Joseba Ponce (Dut, Kuraia) taldearekin baxua jotzen hasi baitzen. Birako azken kontzertua 2013ko apirilaren 27an eman zuten, Bilboko Kafe Antzokian.
Lisabötik kanpo, Karlos Osinagak soinu teknikari eta ekoizpen lanak egin ditu beste talde askoren diskoetan: Askatu korapiloa (Dut), Zebra, Irla izan (Anari), Jaio.Musika.Hil (Berri Txarrak), Begura (Miztura), Doppler (12Twelve), More Light (Nisei), Pleistozenoko astelehenak (Jupiter Jon)...
LISKER
70eko hamarkadan sortu zen Lisker folk-rock taldea, Eibarren (Gipuzkoa). Basauriko rock lehiaketa irabazi ondoren, disko bat grabatu zuen Xoxoa diskoetxearekin, 1979an. Itoiz eta Errobi taldeekin maiz partekatu zuen agertokia. Haatik, 80ko hamarkadan rock emanaldiak utzi, eta plaza talde bilakatu zen.
Eibarko Jeiki eta Zima taldeetan ibilitako musikariek sortu zuten Lisker taldea. Jeiki bandak folk intimista lantzen zuen, eta eskaini zituen emanaldien artean jendetsuena Bartzelonako I. Topaketa Anarkistan emandakoa izan zen, 10.000 lagunen aurrean jo baitzuen, Triana, Iceberg, Tilburi eta beste hainbat taldek osatutako jaialdian. Zimak esperientzia txikiagoa izan zuen, taldekideak oso gazteak ziren, eta musika garage progresiboa jorratzen zuten. Jeikik eta Zimak bat egin zuten urtero udan Lekeitioko hondartzan antolatzen zen Lekeitio Rock Jaialdian, eta egun hartan sortu zen folk-rock talde bat eratzeko ideia. Jeikiko Ernesto Gomez (ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Jabier Zabala (baxua) eta Zimako Julian Alberdi (gitarra elektrikoa) eta Josean Salado (bateria) batu ziren Liskerren, aurrez ezein taldetan aritu gabeko Jesus Gil (flauta) kide berriarekin batera.
Emanaldietan hasi eta berehala, Espainiako Lone Star taldearekin jo zuen, Eibarren, eta Basauriko rock lehiaketa irabazi zuen; horren ondorioz, diskoa grabatzeko eskaintza egin zion Xoxoa diskoetxe sortu berriak. Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioan grabatu zuen Jean Phocas soinu teknikariarekin, eta berau aurkezteko hainbat kontzertu eman zituen garai hartan zeuden bi rock talde arrakastatsuenekin, Errobi eta Itoizekin. Lemoizko zentral nuklearraren aurka 1980an Bilbon egindako Herri Topaketetan, Lekeitio Rock Jaialdian eta Espainiako Asfalto taldearekin ere jo zuen Liskerrek. Rock progresiboa, hard-rocka eta folk musikaren eraginak uztartu zituen taldeak diskoa osatzen duten bost kantu luzeetan.
Etenaldia iritsi zen ondoren. Ernesto Gomezek taldea utzi zuen -Jose Bartra sartu zen haren ordez-, eta beste taldekide batzuk soldaduskara joan ziren. Itzuleran berriz heldu zioten taldeari, baina estiloa jazz fusionera aldatuta. Euskal Herrian 80ko hamarkadaren hasieran nagusitzen ari zen rock giroan Liskerren proposamenak lekurik ez zuela iritzita, kontzertuak emateari utzi, eta berbenak eskaintzea erabaki zuen. Hala segitzen du gaur egun ere. Hasierako kideetatik Josean Saladok eta Jabier Zabalak jarraitzen dute taldean.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)